euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Arrakasta handiz garatu zen Cañuelasko IV. Dantzari Festa, azken orduko gertaera larriek zikindua

2010/03/29

Cañuelasko Denak Bat-ek antolatutako IV. Dantzari Topaketan parte hartu zuen jendea, ikuskizuna bukatu ondoren (argazkia EuskalKultura.com)
Cañuelasko Denak Bat-ek antolatutako IV. Dantzari Topaketan parte hartu zuen jendea, ikuskizuna bukatu ondoren (argazkia EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Berrehun bat dantzari bildu ziren asteburuan Cañuelasko Euskal Etxeak eratutako Aberri Eguneko IV. Dantzari Topaketan. Jai honekin hasi zen Euskal Etxea bere 50. urtemuga ospatzen. Ekitaldian, Cañuelasko alkate Gustavo Arrietak ikurriña jaso zuen opari, Daniel Sancholuz EEko lehendakariaren eskutik. 15 dantza talde aritu ziren orotara, tartean Euskal Herriko Aiara Taldea, Argentinako bere birako lehenengo emanaldia eskaintzen. Gau partean, partaideak Denak Bat-en egoitzan bildu ziren afaria partekatu eta erromeriaz gozatzeko. Guztia amaiturik, ordea, eta lo egiteko leku zuten Smata aterpetxera itzulita, dantzarietako gutxiengo batek basakeriaz jokatu eta instalazioetako elementuak hautsi eta kalte material larriak eragin zituen. Jarrera arbuiagarri honek asteburu alaia zena goibeldu eta igandeko giroa zinez baldintzatu zuen, ekintzaren larriaz gain, kalteak milaka peso izango direla pentsatzen baita.

Cañuelas, Argentina. Larunbatean, martxoaren 27an, Smata predioan joan ziren elkartzen herri argentinar askotatik Cañuelasera etorri behar zuten taldeak. Bazkal orduan eta bazkalostean elkarrekin egoteko aukera izan zuten elkar urtean behin edo bitan baino ikusten ez duten gazteek. Seiak aldera eta dantzariz jantzita, guztiak prest agertu ziren kalejirarekin hasteko. Kalejirak bideratu zuen jendea plazan prestatutako agertokira. Danborrada batek eman zion hasiera ikuskizunari. Ondoren, etxeko abesbatzak, Santiago Lopez-en gidaritzapean, bi kanta eskaini zizkion publikoari. Dantza partea, ostera, Villa Mariako ordezkariekin hasi zen, Cordoba probintziako Euzko Etxeko dantzari batek Aurreskua dantzatu baitzuen bildutako jendearen omenez.

Cañuelasko IV. Dantzari Topaketa 01

[Danborrada oholtzaren gainean, Sarriegiren aireak joz (argazkia EuskalKultura.com)]

Cañuelasko IV. Dantzari Topaketa 02

[Bertako abesbatza, Santiago Lopez zuzendari (argazkia EuskalKultura.com)]

Cañuelasko IV. Dantzari Topaketa 03

 [Cordobako Villa Mariako Euzko Etxeko dantzari batek eskainitako Agurra (argazkia EuskalKultura.com)]

IV. Dantzari Topaketa 04

[Bertako Euskal Etxeko txikienek izugarrizko graziarekin Zapatagin Dantza eta Polka bat egin zituzten (argazkia EuskalKultura.com)]

Cañuelasko IV. Dantzari Topaketa 05

[Euskal etxeko dantzariek bultzatutako proiektu baten bidez Cañuelasko “Las Cañuelas” Eskolan Euskal Dantza Tailer bat sortu dute. “Las Cañuelas” eskolako dantzariek Makil Dantza egin zuten topaketan (argazkia EuskalKultura.com)]

Talde gonbidatuak, hainbat hiri eta herritatik etorriak

Cañuelasko IV. Dantzari Topaketa 06

[Buenos Airesko Accion Vasca Taldeak Zinta Dantza prestatu zuen aukera honetarako (argazkia EuskalKultura.com)]

Cañuelasko IV. Dantzari Topaketa 07

[Maipuko dantza taldea Arku Mistoak dantzatzen (argazkia EuskalKultura.com)]

Cañuelasko IV. Dantzari Topaketa 08

[Lapridatik bidaiatu ziren dantzariek 'Romeria de Zelaya' interpretatu zuten (argazkia EuskalKultura.com)]

Cañuelasko IV. Dantzari Topaketa 09

[Euskal Herriko Aiara Dantza Taldea eta Buenos Airesko Ekin Dantzari Taldea elkarrekin aurkeztu ziren. Arrazoia: Aitor Alava Buenos Airesko taldeko zuzendaria, Aiara taldeko kidea ere baita. Elkarrekin Makil Dantza egin zuten (argazkia EuskalKultura.com)]

Cañuelasko IV. Dantzari Topaketa 10

[Mar del Platako Denak Bat-eko ordezkariak ere izan ziren IV. Dantzari Topaketan. Hauek Azkoitia egin zuten (argazkia EuskalKultura.com)]

Cañuelasko IV. Dantzari Topaketa 11

[Zingirako Euskaldunak-eko dantzariek ere esan zioten baietz Cañuelasek egindako gonbiteari. Aurten Banakoa interpretatu zuten (argazkia EuskalKultura.com)]

Cañuelasko IV. Dantzari Topaketa 12

[Gral. Rodriguezko jaio berria den taldeak, jende aurreko bere lehenengo aurkezpenean, Bailaos dantzatu zuen (argazkia EuskalKultura.com)]

Cañuelasko IV. Dantzari Topaketa 13

[Oholtzara igo aurretik, La Platako dantzariek etxeko kideen esker beroak jaso zituzten duela lau urte jaiaren lehenengo edizioaren antolakuntzan emandako laguntzagatik.  Aurten Euzko Etxea-ko ordezkariek Ator Ator dantzatu zuten (argazkia EuskalKultura.com)]

Cañuelasko IV. Dantzari Topaketa 14

[Rosarioko dantzariek ere makina bat kilometro egin zituzten dantzaldi honetan parte hartzeko. Haiei Arku Mistoak egitea egokitu zitzaien (argazkia EuskalKultura.com)]

Cañuelasko IV. Dantzari Topaketa 16

[Chivilcoyko Beti Aurrera-ko arduradunek euren etxeko dantzariak lagundu zituzten. Hauek Txinparta aurkeztu zuten Cañuelasko Topaketan. (argazkia EuskalKultura.com)]

Cañuelasko IV. Dantzari Topaketa 15

[Dantzaldian bukatzeko, Cañuelasko dantzariek Saladillokoekin batera Fandango eta Arin Arin interpretatu zuten. Horren ondoren dantzari eta publikoa nahastu ziren kalean Fandango erraldoi batean (argazkia EuskalKultura.com)]

Cañuelasko IV. Dantzari Topaketa 17

[Leire Aspiazu, Maider Alava eta Iñaki Alava, Aiara Dantza taldeko musikariak (argazkia EuskalKultura.com)]

Dantzaldia bukatu eta gero, dantzariak pixkanaka bildu ziren berriro ere euskal etxeko egoitzara. Hara ere joan ziren, Cañuelasera bertaratu, baina tauletatik pasatu ez ziren dantzariak, tartean, Arrecifes, Paranako Urrundik, Sta Rosa eta Necocheakoak. Gaua luzatu zen erromeriari esker. Iaz bezala, euskal dantzak eta Argentinako dantza tipikoak ikusi ahal izan ziren Cañuelaseko folklore talde batek mota askotako musika jo baitzuen ordu txikiak arte.

Ezusteko amaiera

Larunbateko programa amaiturik, ordea, eta dantzariek lo egiteko leku zuten Smata aterpetxera itzulita, gutxiengo batek basakeriaz jokatu eta instalazioetako elementuak hautsi eta kalte material larriak eragin zituen. Jarrera arbuiagarri honek asteburu alaia zena goibeldu eta igandeko giroa zinez baldintzatu zuen, ekintzaren larriaz gain, kalteak milaka peso izango direla pentsatzen baita.

Antolatzaileek elkartasun eta atxikimendu mezu ugari jaso dituzte, eurak borondate eta gaitasun handiz egokiro antolatutako eta emaitza ederrak lortutako ekitaldia zikindu eta baldintzatu baitzuten larunbateko ekitaldiak bukatu eta gero aipatu gutxiengoak eragindako egoerak. Basakeria, errespetu falta eta indarkeria onartezin horiek, ongi egindako lana lohitu zuten, eta horrekin bertako eta kanpoko euskaldunen izena. Honelako ekintzak ezin dira errepikatu. Bai ordea Cañuelasko euskal jaia. Ez dezala honek ekarri antolatzaileek festa antolatzeari uztea, norbaitek esan duen bezala. Ez litzateke bidezkoa izango.



Komentarioak

  • Erantzuna

    BARKATU, BAINA HAU EZ DA EUSKAL ETXE ''HANDI'' EDO ''TXIKI''EN ARAZOA...

    Beste euskaldun bat, 2010/04/04 03:37

  • Ez dago eskubiderik

    Argentinako euskal etxe haundi eta historikoetako ordezkariak ejenplua eman baño basakeriak egiten ibili dira Canuelasen. Lehenengo kaltetua euskaldun guztien irudia izan da, era bat kakaztuta gelditu da. Canuelasko antolatzaileena doble kakaztuta. Horrenbeste lan eginda merezi zuten hori? Igandean Smata tokian ez zegoen giro, honek umorea eta gogoak kendu zituen. Pena haundi bat da eta ez dago eskubiderik. Alkartasuna Canuelasekin. ¿FEVAk neurririk hartuko du?

    Euskaldun bat, 2010/03/29 15:39

« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia