euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Bi ikerlarik ADNa aztertzeko laginak hartuko dituzte urrian Argentinako euskaldunen artean

2009/09/14

Iaz AEBtako Idahon eginiko bilketa. Irudian, Xanti Alzelai euskal jatorriko boisetarra listua ematen
Iaz AEBtako Idahon eginiko bilketa. Irudian, Xanti Alzelai euskal jatorriko boisetarra listua ematen

PUBLIZITATEA

Euskal Herriko Unibertsitateko ADN Bankuak abian du euskal ADNari buruzko ikerketa eta urrian Argentinan izango dira bi ikerlari bertako euskal komunitateko kideei laginak hartzeko. Honekin jakin nahi dute euskaldunek genetikoki, zein mailatan joera gehiago duten zenbait gaixotasun harrapatzeko. Marian Martinez de Parcorbo ikerketa zuzendariak EuskalKultura.com-i azaldu dionez, asko dira kontutan hartu beharreko faktoreak, pertsonaren bizimodua, dieta, giroa eta abar. 'Horregatik hain da garrantzitsua Diasporan bizi direnak aztertzea. Euskal jatorrikoak izanda, beste herrialde batean bizi dira baldintza klimatikoak edo dieta guztiz ezberdinekin eta honek ADNan duen eragina jakin nahi dugu'. Iaz AEBtako euskaldunen artean hartu ziren laginak.

Gasteiz, Araba. Euskal Herriko Unibertsitateko ADN Bankuko bi ikerlari urrian Argentinan izango dira bertako euskal komunitateko kideei ADN laginak hartzen. Hain zuzen ere, urriaren 17an iritsiko dira eta azaroren 9ra arte egongo dira bertan.

Marian Martinez de Pancorbo da EHUk sustatutako ikerketa honen zuzendaria eta gure buletinari azaldu dionez, oso garrantzitsua da euskal diasporako pertsonei laginak hartzea. Euskal Herrian ere hartu dira laginak. 'Ikerketarekin jakin nahi dugu euskaldunak genetikoki nolakoak garen, eta aztertu ea zein neurritan genetikoki baldintzatuta egon gaitezkeen gaixotasun batzuk beste populazio batzuk baino gehiago pairatzeko'.

Iaz Estatu Batuetan hartu ziren laginak

Kontutan hartu beharreko faktoreak asko dira, zuzendariaren esanetan, 'batetik pertsona bakoitza bizi den eremua nolakoa den jakin behar da, mendia, hiria...; ondoren, pertsona honek jarraitzen duen dieta kontutan hartuko dugu, egiten duen kirola, erretzailea den edo ez, eta bere gaitasuna zein den. Azken hau jakiteko, 'normalean zenbat hizkuntza hitz egiten dituen galdetzen zaio'. Adibidez jakin nahi da, Alzheimerra edo Parkinsona bezalako gaixotasunen garapenean zein neurritan genetikak duen eragina eta zenbat eragiten duten baldintza fisiko zein sozialek.

Iaz AEBetan izan ziren laginak hartzen, Idaho, Nevada eta Kalifornian, '300 bat lagin hartzea lortu genuen baina lan prozesua oso oso motela da eta oraindik urte bete itxaron beharko da emaitzak ikusteko'. Hala ere, bereziki eskertu nahi dute euskal etxeen lana. 'Euren laguntza handia izan zen AEBetan eta Argentinan ere izaten ari da. Oso harrera ona egiten zaigu eta eskertzekoa da gure lana aurrera ateratzeko ematen diguten laguntza', esan du.

Stand-a Euskal Astean

Argentinan zenbait euskal etxetara joatekoak dira baina Euskal Astean ere izango dira. Ikertzaileek, stand bat izango dute bertan lan egin ahal izateko. Euskal Asteak herrialde osoko euskal argentinarrak biltzen ditu eta hau dela eta, ikertzaileen presentzia oso egokia izango da ahal bezain lagin gehien hartu ahal izateko. 

Baina zer egin behar da ADNa emateko? Marian Martinez de Pancorbok azaltzen duenez, prozesua oso erraza da. 'Lehenik eta behin, bakoitzak bere listua ikerketan erabiltzeko baimena sinatu beharko du, ondoren galdera-sorta bati erantzun, non dieta edota egiten duen kirolaz galdetzen den; eta, azkenik, listua eman. Hori da guztia'. Argentinan 700 lagin jaso nahi lituzkete. "Beraz, EuskalKultura.com-ek ematen digun aukera hau baliatu nahiko genuke, ikerketan parte hartu nahi duten euskal argentinarrei deia zabaldu eta guregana hurbildu eta lagun gaitzaten eskatzeko'.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia