euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskal Herriko musika banda eta bakarlariek gero eta gehiago erabiltzen dituzte web 2.0 orrialdeak

2009/12/30

Fermin Muguruza, musika zabaltzeko internet gehien erabiltzen duen musikariaren Myspace orrialdea
Fermin Muguruza, musika zabaltzeko internet gehien erabiltzen duen musikariaren Myspace orrialdea

PUBLIZITATEA

Teknologia berriek artisten lanak sustatzeko moduan zeresan handia izan dute, eta hari horri tiraka Test-Media ikertzaile talde euskaldunak, gaur egungo euskal musikariek internetekin eta web 2.0 orrialdeekin duten harremana ezagutzeko azterketa sakon bat burutu du. Last.fm, Myspace, Spotify eta Itunes dira aplikazio erabilienak eta sare sozialen artean Facebook da ospetsuena. Ondorengo lerroetan, internet komunikazio bide gisa gehien erabiltzen duten artisten zerrenda aurkitu dezakezue, Diasporako batzuk tartean.

Donostia-San Sebastian. 2009ko urriaren 19tik azaroaren 27rarte Test-Mediak, euskal ikerlari taldearen webguneak adierazten duen bezala, azterketa mamitsu bat burutu du, Euskal Herriko musika talde eta bakarlariek internetekin (eta berarekin musika zabaltzeko sortu diren formatu berriekin) zein harreman mota duten jakiteko, musikari horietako 146 aztertuz. Ikerketatik ondorio argi batzuk atera daitezke: Musikaren hedakuntzarako interneten gehien erabiltzen diren tresnak Last.fm, Myspace, Spotify eta Itunes dira. Izan ere, aztertu diren euskal musikariek online eskuragarri dauden aplikazio hauek gero eta gehiago erabiltzen dituzte euren musika ezagutarazteko, publikoarekin harremanetan jartzeko edo euren lanen aurkezpenak kudeatzeko.

Euskal musikariek gehien erabiltzen duten aplikazioa Last.fm da, aztertutako taldeen %85a dago harpidetuta bertan, eta %81ak Myspace-en profila du. Artista askok, eskaintzen dituen aukera ugariengatik hautatzen dute orrialde hau promoziorako tresna gisa (blogaren zerbitzua eta musika erreproduzitzeko aukera ematen ditu, besteak beste). Online erosi daitezkeen musika argitalpenak banatzen dituzten plataformen artean Itunes da garrantzitsuena (hamar musikari euskaldunetatik sei aurkitu daitezke bertan) eta oso gertutik jarraitzen dio Spotify-ek, urte bete eskas batean musika zabaldu eta saltzeko sistema ospetsuenetarikoa bilakatu dena, musikarien %59arekin.

Sare sozialak eta ranking-ak

Aztertutako musikarien erdiak (%52) web edo blog propioa dauka, eta horietako %25ak dauka informazio sarrera Wikipedian. Facebook da sare sozialetan musika taldeek gehien erabiltzen dutena, (artisten %41ak du profila bertan) oraindik hazten ari den Twitter-en aurretik jarriaz (musikarien %5 dago harpidetuta sare sozialean).

Taldeei dagokienez, Test-Mediak ranking bat zerrendatu du, internet eta web 2.0 orrialdeak gehien erabiltzen dituzten artistekin: Fermin Muguruza, Gatibu eta Ken Zazpi dira interneten presentzia gehien duten taldeak. Laugarren postuan Benito Lertxundi dago, eta bostgarren eta seigarren postuan Betagarri eta Bide Ertzean daude. Oso gertutik Kauta, Berri Txarrak eta Ekon-ek jarraitzen diete, makina bat talde eta bakarlariekin batera.

Diasporako euskal talde eta kantariei dagokienez, Estatu Batuetako 'Amuma Says No' euskal taldekoak Facebook eta MySpacen daude; Argentinako Maral taldekoak, bere lider Mariana Domine Irigoyenekin, Facebooken; Buenos Airesko Alkartasuna abesbatza Facebooken dago, eta baita Santiagoko Txileko Euskal Abesbatza ere, kasu batzuk aipatzearren.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia