euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskal Herriko 300 ikastetxetako 15.556 ikaslek landu dute bertsolaritza bukatzear den 2009-2010 ikasturtean

2010/05/18

Haur talde bat bertsolaritzan egindako aurrerapenak erakusten
Haur talde bat bertsolaritzan egindako aurrerapenak erakusten

PUBLIZITATEA

Ikasturteari amaiera emateko bertso jaialdiak egiten ari dira ikastetxetan. Bertsozale Elkarteak bertsolaritza lantzeko ikasturte osoko proiektua eskaintzen du. Euskara ikasgaiaren barruan, astero lantzen dute bertsolaritza, irakasle espezialista batek gidaturik. Ikasle liburuaz gain, ikus-entzunezko materialak baliatzen dituzte gelan. Proiektuan 300 ikastetxek eta 15.556 ikaslek hartu dute parte bukatzear den 2009-2010 ikasturte honetan. Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan hedatutako proiektua da (Nafarroari dagokionez, Hezkuntza Sailaren hitzarmenak babesturik), Bertsozale elkartetik beretik ohar baten bidez jakinarazi zaigunez.

Andoain, Gipuzkoa. "Bertsolaritzaren Curriculuma" (Bertsozale Elkartea, 2008) da ikastetxetako proiektuaren oinarri pedagogikoa. Ikastetxetako lanketaren helburuak, berriz, hauexek dira: Hizkuntza-komunikaziorako konpetentziak garatzea, haurrak bertsozaletu eta euskararekiko jarrera positiboa izatea, bertsolaritza den kultur adierazpidearen oinarrizko ezagutza izatea eta jendeaurrekotasuna lantzea.

Proiektuan urterik urte geroz eta ikastetxe gehiagok hartzen dute parte; ikastetxeen eskutik jasotako balorazioetan proiektuaz nabarmentzen dituzten ezaugarriak honakoak dira: metodologiaren dinamikotasuna (ikasgelako ohiko errutina apurtzen baitu), hizkuntza lantzeko ematen dituen aukerak, bertsolaritza irakasleek haurrekiko lortzen duten hurbiltasuna eta ikastetxeko ekitaldietan parte hartzeko duten prestutasuna, eta ikasleek bertsolaritza klasea gustuko izatea.

Ikasturtean zehar egindako lanaren erakusgarri, haurrek prestautako emanalditxoekin bertso jaialdiak eskaintzen ari dira ikastetxe eta herrietan, maiatza eta ekainean zehar. Hauek dira herrialde bakoitzean eskainiko diren emankizunak.

Gipuzkoan "Ikastetxeak Bertsotan" izeneko 70 jaialditan 8.030 haur igoko dira oholtzara. 45 herritako areto, kiroldegi eta ikastetxetan gauzatuko dira 70 jaialdiak, herritarrei eta gurasoei zabalik. Guztira 113 ikastetxek eta 8.030 ikaslek hartuko dute parte ikuskizunotan. Ikasleek eskainitako bertso emanaldiez gain, tokiko bertso-eskolak eta bertsolariak ere igo ohi dira oholtzara.

Iparraldean "Bertsulari Ttiki Egunak" 20 ikastetxe eta 500 haur elkartuko ditu. Ekainaren 3an ospatuko da "Bertsulari Ttiki Eguna", Hazparnen. Goizean Eskolarteko Txapelketako finala (haurren mailakoa) eta Bertsopaper Lehiaketaren sari banaketa izango da. Bazkalostean bertso jolasak izango dira.

Bizkaian 4.900 ikasleren eskutik 35 "Kantaldi" eta ikastetxeen arteko 6 "Topaketa" ospatuko dira. Kantaldietan Aitor Rubio musikariaren laguntzaz euskal kantutegiari errepasoa emateaz gainera, ikasleek jarritako bertsoak oholtzara igoko dituzte. Topaketatan ikastetxe bakoitzak prestatutako emanaldien tartean musikariak eta bertsolariek ere hartzen dute parte.

Araban 750 ikasle eskualdeka elkartuko dira "Topaketetan" Lau Topaketa egingo dira, herriko aretoetan eskualdeko ikastetxeak elkartuz. Ikastalde bakoitzak agertokira eramango du bere ekitalditxoa. Guztira 20 ikastetxek eta 750 ikaslek hartuko dute parte.

Nafarroan 1.414 ikaslek hartu dute parte Bertsopaper Lehiaketan eta honi lotutako 5 saio egin dira Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Sailarekin batera antolatutako Bertsopaper Lehiaketan, 61 ikastetxetako 1.414 ikasleren lanak jaso dira. Saribanaketei loturik, 5 eskualdetan saioak egin dira, ikasleek bat-batean jarduteko aukera ere izan dutelarik. Oskar Estangak musikaz girotu ditu emanaldiok.

INFORMAZIO GEHIAGO ESKURATZEKO

-Arabako Bertsozale Elkartea: araba@bertsozale.com / (34) 945 01 05 05
-Bizkaiko Bertsozale Elkartea: bizkaia@bertsozale.com / (34) 94 681 2711
-Gipuzkoako B. E.: gipuzkoa@bertsozale.com / (34) 943 67 05 75
-Iparraldeko B. E.: iparraldea@bertsozale.com / (34) 59 541 504
-Nafarroako B. E.: nafarroa@bertsozale.com / (34) 948 14 37 47

-Euskal Herriko Bertsozale Elkartea - Transmisio saila transmisioa@bertsozale.com / 943 69 41 29



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia