euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskal Herriari buruzko hitzaldia eman du Mariana Fernandez Castellik Jose C. Paz-ko Toki Eder Euskal Etxean

2012/09/25

Mariana Fernandez Castelli, erdian, hirugarrena ezkerretik, Toki Eder Euskal Etxeko kide esanguratsuen ondoan. Hitzaldia petit comite-an eman zen, mahai baten inguruan (argazkiaEE)
Mariana Fernandez Castelli, erdian, hirugarrena ezkerretik, Toki Eder Euskal Etxeko kide esanguratsuen ondoan. Hitzaldia petit comite-an eman zen, mahai baten inguruan (argazkiaEE)

PUBLIZITATEA

Iraileko lehenengo bi asteetan garatutako ekimenen artean, Mariana Fernandez Castelli irakasleak emaniko hitzaldi bat azpimarratu du Buenos Aires probintzia argentinarreko Jose C. Paz herriko Toki Eder Euskal Etxeak. Atseginez segitu zuen hitzaldia publikoak eta biziki eskertu zizkion Fernandez Castelliri emaniko azalpenak. Toki Ederren bertan eta beste hainbat euskal etxe eta forotan ibilia da Fernandez Castelli hizlari, euskal gaiak ardatz harturik. "Eskerrik asko, Mariana" hitzekin bukatzen duen idazki bat bidali digu horretaz Toki Eder Euskal Etxeak.

Jose C. Paz, Argentina. Hitzaldia Toki Eder Euskal Etxeak euskal baserri baten itxurarekin Jose C. Paz-ko kaleetan daukan eraikin osoko egoitzan gauzatu zen, bertako hitzaldi aretoan, eta Mariana Fernandez Castellik bere solaserako hautatu zuen izenburua "Euskal Herria; bere lurralde antolaketaren oinarrizko alderdiak eta lurralde historikoen ezaugarri nagusiak" izan zen.

Toki Eder-etik irakasle buenosairestarrak hitzaldiari ezarri zion tonu atsegin eta erraz segitzeko modukoa azpimarratu dute. "Aberasgarri izan zaigu" eta "Euskal Herria osatzen duten lurralde historikoen gaineko jakingarri baliagarriak" eman dizkigu, adierazi dute.

Euskal Etxeak gure erredakziora igorritako oharrean biziki eskertzen zaio hizlariari "hitzaldi garrantzitsu eta esanguratsua izan baitzen, bereziki gure Euskal Aberri maitean jaio garenontzat, izan hipuzkoar, bizkaitar edo Zuberoako seme-alaba, guztiak euskal sentimentu bera partekatuz, bat eginez euskaldunen urruneko ondorengo izanik euren arbasoei, historia eta ohiturei buruz gehiago jakin nahi dutenekin".

Bertara bildutako jendeek hitzaldiari segida emateko proposamena luzatu zutela esanez segitzen du oharrak, "gehitzeko honela alderdi geografikoa, eta irudi eta estanpa ederrak, izadiaren opari direnak Euskal Herrian, ingurumenaren etengabeko zaintzarekin batera".

"Eskerrik asko, Mariana!, Gora Euskal Herria!" esanez amaitzen da Jose C. Paz-ko Toki Eder Euskal Etxearen oharra, erakundearen izenean Maria Angeles Oñederra lehendakariak eta Lidia Lucia Lechardoy-k sinaturik.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia