euskal diaspora eta kultura
2011/11/23
PUBLIZITATEA
Buenos Aires, Argentina. Euskal Herria hobeto ezagutzeko bidaia proposatu zuten Sarandi kaleko Euskal Echea-ko arduradunek aurtengo Euskal Jaian. Bidaia honetan Euskal Herriarekiko engaiamendua erakusteaz gain, zazpi herrialdetako dantzak egin zituzten 6 eta 12 urte arteko umeek. Bi funtzio egin dira 2011 honetan ere, bata goizean, bestea arratsaldean, egitarau bera jarraituz.
Ospakizunarekin hasteko, euskal musikarekin sartu ziren ikasleak aretora. Ondoren banderak sartu ziren eta ereserki argentinarraren eta Gernikako Arbolaren estrofak abestu zituzten ikasle guztiek aho batez. Banderak agurtu eta gero, dantza ikuskizuna hasi zen; koreografiak aurkeztu ahala, Euskal Herriaren mapa bat osatuz joan ziren ikasle eta irakasleak.
[Euskal Herriaren mapa osatu zuten ikasle eta irakasleek (argazkia EuskalKultura.com)]
Euskal Echea eta Euskaldunak Denak Bat-eko dantzariak
Tradizioak markatzen duen bezala, 'Aurresku' batekin hasi zen dantza erakusketa. Aurreskulariak Maria Angeles Morales eta Demian Branda izan ziren. Horren ostean, dantza hauek ikusi ahal izan ziren Jai Alai-n: Lehenengo mailako neskatxo eta mutikoek 'Mari Balentxi' eta 'Txantxiribin' interpretatu zituzten. Ondoren, bigarren mailakoak 'Korruan Alai' eta 'Esku Dantza'-rekin animatu ziren. Jarraitzeko, Behe Nafarroako 'Kontradantza' dantzatu zuen laugarren mailako taldeak eta hirugarren mailakoek 'San Petrike' eta 'Ikurriña Dantza' rekin bereganatu zituzten hainbat txalo.
[Maria Angeles Morales eta Demian Branda aurreskulariak (argazkia EuskalKultura.com)]
[Euskal Herriko zazpi lurraldetako dantzak egin ziren jaian (argazkia EuskalKultura.com)]
[Beste dantza batzuen artean, San Petrike dantza egin zuten ikasleek Euskal Jaian (bideoa EuskalKultura.com)]
Baina txikiak ez ziren jaiko dantzari bakarrak izan. Izan ere aurten ere Arrecifeseko Euskaldunak Denak Bat euskal etxeko dantzariek lagundu zituzten Euskal Echea-koak euren festan. Gazte arrecifestarrek 'Zuberoako Maskarada', 'Fandango' eta 'Arin Arin' egin zituzten.
[Arrecifeseko Euskaldunak Denak Bat-eko dantzariek 'Zuberoako Maskarada' aurkeztu zuten (argazkia EuskalKultura.com)]
Umeekin jarraitzeko, 'Makil Dantza' aurkeztu zuten bosgarren mailako mutiko eta neskatilek eta seigarrengoak 'Arku Misto Dantzaz' arduratu ziren. Ikasleen ikuskizunari amaiera emateko, zazpigarren mailako neskek 'Akelarre' eta mutilek 'Ezpata Dantza' eskaini zizkieten bildutako lagunei.
[Euskal Echea Institutuko ikasleen 'Ezpata Dantza' (argazkia EuskalKultura.com)]
[Euskal Echea Institutuko maisu eta andereñoak (argazkia EuskalKultura.com)]
Azpimarratzekoa da 'Euskal Herrian zehar'ko bidaian primaria mailako irakasleak ez zirela dantzalditik kanpo geratu. Izan ere andereño eta maisuek, Victoria Abasolo eta Angelo Fornabaio euskara eta euskal kultura irakasleekin batera, 'Bok-Espok' dantzatu zuten. Bi orduko ibilbide honetan, Argentinako euskal erakunde eta Euskal Echea institutuko agintari eta arduradunek ere hartu zuten parte.
[“Agur” esan aurretik, Enrique Fagoagak hitz batzuk zuzendu zizkion bildutako jendeari (argazkia EuskalKultura.com)]
[2011ko Euskal Jaiaren protagonistak (argazkia EuskalKultura.com)]
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus