euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskal Herrian Euskaraz eta Askapenako partaideek mintzaldia eskaini zuten Buenos Aireseko Eusketxen

2007/08/03

Ezkerretik eskubira Sagri Mauleon, Iheltxu Orueta eta Gorka Ovejero, Eusketxen eskaini zuten mintzaldian  (argazkia BasqueHeritage.com)
Ezkerretik eskubira Sagri Mauleon, Iheltxu Orueta eta Gorka Ovejero, Eusketxen eskaini zuten mintzaldian (argazkia BasqueHeritage.com)

PUBLIZITATEA

Entzulego zabal eta biziki interesatua bildu zuen Eusketxen Euskal Herrian Euskaraz eta Askapenako kideek eman zuten mintzaldiak. Ekitaldia Korrika 15eko DVDaren emanaldiarekin hasi zen. Jarraian Unai Larreategi (Euskal Herrian Euskaraz) euskararen historia eta egungo egoerari buruz mintzatu zen. Askapenako Sagri Mauleon, Gorka Ovejero eta Iheltxu Oruetak, aldiz, herri maputxearekin lankidetzan bizi berri duten esperientzia azaldu zuten.
Joan den uztailaren 23an izan zen ekitaldia, Eusketxeko egoitzan. Hizkuntzen II. Kongresuan parte hartzetik zetorren Unai Larreategik hasi zuen hizlarien txanda. Euskal Herrian Euskaraz-eko kideak, euskarak azken 30 urteetan egin duen bidea azaldu zuen eta hizkuntza politika desberdinek izan duten eraginaz mintzatu zen. Larreategik bere ustez Euskal Herrian euskaraz bizi ahal izateko beharrezkoak izango liratekeen aldaketak eta horiek lortzeko bideak azaldu zituen.

Euskal Herrian Euskaraz-eko kidearen mintzaldiaren ondoren, Askapenako taldeak hartu zuen hitza. Sagri Mauleon, Iheltxu Orueta eta Gorka Ovejerok maputxe herriarekin izan duten harremana azaldu zuten. Hainbat gairen artean, hizpide izan zuten herri honen borroka bere lurra eta hizkuntza berreskuratzeko. Izan ere, hizkuntza da maputxeentzako euren espiritualtasuna mantentzeko instrumentua, Askapenako brigadistek azaldu zutenez.

Entzuleen partehartze handia

Mintzaldiari bukaera emateko galdera txanda ireki zen eta Eusketxeko egoitzan bildutako entzuleek gaiaren inguruan zuten interesa erakusteko aukera izan zuten. Parte hartzea handia izan zen, batez ere euskaldunen historiari buruzko galdera eta hausnarketekin, eta hizlari eta entzuleen artean truke eta komunikazio interesgarria egon zen. Mintzaldia Eusketxek euskal kultura zabaldu eta ideia trukaketa eta aniztasuna bultzatu asmoz egiten dituen topaketen barruan sartzen da. [Ezkerreko irudian, entzuleak Korrika 15eko DVDa ikusten (argazkia BasqueHeritage.com)]


Lotura interesgarriak

Askapena, euskal elkarte internazionalista
www.askapena.org

Euskal Herrian Euskaraz
http://ehe.euskalerria.org

Euskal partehartze handia Hizkuntzen II. Kongresuan
BasqueHeritage.com-en argitaratua 2007ko uztailaren 24an


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia