euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskal Herrian eta Euskal Herritik kanpo euskal erakundeek Aberri Eguna ospatzera gonbidatzen dute

2014/04/10

2013an Argentinan egin ziren Aberri Eguneko hainbat ospakizunen irudiak (argazkia EuskalKultura.com)
2013an Argentinan egin ziren Aberri Eguneko hainbat ospakizunen irudiak (argazkia EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Badator 2014ko Aberri Eguna eta munduko euskal etxe asko hasiak dira ospakizunak antolatzen. Argentinako erakundeek urtero bat egiten dute euskal hitzordu berezi honekin, baina Europan ez bezala askok ez dute Berpizkunde Igandean bertan ospatzen, aurreko edo ondorengo asteburuetan baizik. Aurtengo edizioari dagokionez, pasa den asteburuan hasi eta apiril eta maiatzean zehar segituko du euskal etxeetan. Datorren artikulu batean, Aberri Eguna munduko gainerako lekuetan; honakoan, Argentinako berri.

Buenos Aires, Argentina. Apirilaren 20an ospatuko da aurten Aberri Eguna eta kari horretara egingo diren jai eta topaketek oihartzun handia izango dute Euskal Diasporan, mundu osoko euskal etxeek egindako deialdiei esker. Izan ere, Aberri Eguna, urteko hitzordu nagusia edo nagusienetakoa da euskal etxe askorentzat. Argentinako erakundeek gogoz ospatu ohi dute eguna, mota askotako proposamenekin. Ospakizunen data, ordea, instituzioetako kideen aukeren arabera ezartzen da eta ondorioz, kasu batzuetan aurreratu egiten dira bilkurak eta besteetan, atzeratu.

Aurtengoan, Cañuelaseko Denak Bat-en eta Olavarriako Gure Etxe Maitea-ren ekitaldiak –Dantzarien Topaketa eta Aberri Eguneko Afaria hurrenez hurren– joan den asteburuan egin ziren. Beste euskal etxe batzuetan, berriz, Aste Santuaren ondorengo asteburuetan gauzatuko dira. Aberri Eguna Argentinan ospatu nahi baduzu, hauek dira orain artean iritsi zaizkigun euskal etxeen proposamenak:

-Arrecifeseko Euskaldunak Denak Bat: Aberri Egunean ikurrinekin apainduko dituzte arrecifestarrek euren etxe eta autoak. Iluntzeko 8etan, gainera, ‘Nahi duzun kolorekoa, baina abertzale’ izeneko hitzaldia emango du Juan Ignacio Saez Abarrategui-k eta afari bat jendearen bilgarri izango da euskal etxean

-Buenos Aireseko Laurak Bat: maiatzaren 11an hiriburuko Mayo Etorbidean burutuko den ‘Buenos Aires celebra’ delako Jaialdian ospatuko du aurten Laurak Bat-ek Aberri Eguna. Argentinako euskal erakunde guztiei luzatzen die festara biltzeko gonbitea

-Chascomuseko Zingirako Euskaldunak: Berpizkunde Igandean, hirian elkarren bizikide diren gizataldeen banderak jasoko dira ikurrinaren ondoan Chascomuseko Immigrantearen Pasealekuan. Euskal etxeko kideen etxeetan ere jarriko dira ikurrinak

-Chivilcoyko Beti Aurrera: apirilaren 12an afaria egingo da euskal etxearen aretoan. Euskal Dantzak eta Euskal Herriari buruzko bideoak eskainiko dira publikoaren gozamenerako

-Cordobako Gure Txokoa: apirilaren 13an ospatuko dute bazkari batekin. Menua paella izango da eta txartelaren prezioa, $150 (12 urte arteko umeentzat $70, edaria eta postrea barne). Eramateko anoa, 70 pesotan salduko da. Erreserbak egiteko telefono zenbakia, 0351-4265695 da. Bazkarian Cordobatarrak dantza taldea arituko da

-Coronel Moldesko Gure Zainak: apirilaren 23tik 25era eta Carlos Gabilondoren eskutik, Euskal Zine Zikloa burutuko da Cnel. Moldesen Aberri Eguna ospatzeko

-Gral. Rodriguezko Eusko Aterpea: maiatzaren 4an ospatuko da, urtero bezala, Argentinako erreki tipiko batekin. Hitzordua eguerdiko 12:30etan da, euskal etxearen egoitzan

-La Platako Goierri elkartea: afari bat burutuko da Aberri Eguna ospatzeko, data baieztatzeke

-Lapridako Lagunen Etxea: Arturo Campion Euskal Ikasketa Gunearen egoitza ere bada euskal etxea eta apirilaren 20an ospatuko dutela Aberri Eguna iragarri dute, bazkari batekin

-Los Toldoseko Oroimenez Euskal Etxea: Taberna bat egingo da apirilaren 26an bi data garrantsitsu elkarrekin ospatzeko: Aberri Eguna eta Gernikako Bonbardaketaren urteurrena. ‘Janari goxoa’, dantzak eta omenaldiak izango omen dira ospakizunean

-Necocheako Euzko Etxea: Aberri Egunaren bezperan, apirilaren 19an, eta Zahar Alai Dantza Taldeak antolaturik, afari bat burutuko da euskal etxearen egoitzan. Bildutako dirua aurtengo Hator Hona programara joango da. Hona Apirilaren 20ko programa: goizeko 11:00etan, Meza Santa Maria del Carmen Elizan; 12:00etan, Omenaldia eta lore eskaintza Gernikako Arbolaren Kimuan; ordu 1ean, Txikiteoa euskal etxeko tabernan

-Pergaminoko Lagun Onak: Igandean bertan Aberri Egunari buruzko artikulu bat argitaratuko dute Lagun Onak-eko kideek hiriko La Opinion izeneko egunkarian. Hori baino lehen, eta azken hamar urteetan egin duten bezala, ehun pertsonentzako bakailaoa prestatuko dute saltzeko, Ostiral Santuan

-San Juango Eusko Etxea: Euskal etxeko Zuzendaritza Batzordeak gonbidaturik, etxeko fundatzaile, kide eta lagunak elkartuko dira apirilaren 20an bazkaria partekatzeko. Topaketan Euskadiren historiari buruzko aipamen bat irakurriko da

-Rio Cuartoko Gure Ametza: Aberri Eguneko taberna egingo da apirilaren 25ean euskal etxearen egoitzan. Hitzordua, gaueko 9tik aurrera

-Rosarioko Zazpirak Bat: apirilaren 27a da rosariotarrek Aberri Eguna ospatzeko aukeratutako data. Bazkariaren ostean dantzariek emanaldia eskainiko dute



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia