euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskal Herrian eta euskal etxeetan ikurrinaren koloreek feminismoarenei eman diete bide M8 inguruko ekitaldietan

2020/03/10

Chascomuseko dantzariak M8ko Martxan
Chascomuseko dantzariak M8ko Martxan

PUBLIZITATEA

Buenos Aires, Argentina. “Ez ospakizunik ezta lorerik ere” da Emakumearen Nazioarteko Eguneko gaur egungo leloa. Izan ere ospakizun eguna baino gehiago, borroka, errekonozimendu eta aldarrikapen egun gisa ari da indartzen Martxoaren 8a. Eta Euskal Herrian bezala, Argentinako euskal etxe batzuetan ere honela ulertzen dute. Esaterako Chascomuseko Zingirako Euskaldunak Etxean dantzariek M8ko Martxan hartu zuten parte ‘Festak aske bizi’ zapi more leloduna jantzita (ikus irudia)

Uruguai ibaiaren ertzean, Concordiako Euskal Etxeak, Euskal Mitologiari buruzko hitzaldia antolatu zuen. Hizlaria, Etorkinen Jaiko enbaxadore Ana Laura Bidegain. Herri mailako Emakumearen Eguneko ekitaldietan ere hartu zuen parte Ibaiko Izarrak eta Concordian bertan, Cecilia Silva Torrea dantzariak M8ko Maratoian egin zuen korrika.

Chacabucoko Guillermo Larregui Euskal Etxeko ‘Emakumeen’ taldeak bere betiko topaketa antolatu zuen; Tandilgo Gure Etxeak Emakumezkoen Pilota Paleta Txapelketa eratu eta ospatzeko bere modu bihurtu zuen; eta La Platako Euzko Etxeak eta UNLPko Gogoetarako Euskal Katedra Askeak Gerrako Ume izandako Marina Gonzalez de Apodaca bilbotarrari omenaldia egin zioten.

Buenos Airesko Euskaltzaleak-ek eta Euskal Zinema Ibiltariak gaiari zegozkion bi film proiektatu zituzten “Prohibido recordar” eta “Mujeres Vascas”; eta Villa Mariako Euzko Etxeko Emakumeen Batzordeak bere ohiko afaria burutu zuen.

Martxoan zehar ere

Baina Emakumearen Nazioarteko Egunaren inguruko ekintzak ez dira martxoaren 8ra mugatuko. Izan ere, martxoan zehar beste hitzordu batzuk iragarri dituzte. Hona horietako batzuk:

-Gaur, martxoaren 10ean, La Platan: Udalak eta Euskal Etxeak Marta Cipriano de Clúa omenduko dute, bere heriotzaren urteurrenean. Informazio gehiago, hemen.

-Martxoaren 14an, larunbata, arratsaldeko 5:30etan, Buenos Airesen: errekonozimendua Arantxa Anitua Laurak Bat Euskal Etxeko eta FEVAko lehendakariari, Kataluniar Etxean. Informazio gehiago, hemen.

-Martxoaren 14an, larunbata, arratsaldeko 6:30etan, Coronel Pringlesko Eusko Biltzar Euskal Etxeak ‘Nelida Urzainqui’ izena jarriko dio bere Liburutegiari. Nelida Elkarteko sortzaileetako bat da eta lan handia egin du liburutegia txukuntzen. Ondoren, Mikel Ezkerrok “Euskal emakumea euskal etxeetan” izenburuko hitzaldia eskainiko du. Informazio osoa, hemen.

-Martxoaren 25an, asteazkena, "Emakumeak Uruguaiko historian" izenburupean Julio Poittevin mintzatuko da, Montevideoko Heize Hegoa Euskal Etxean. Informazio gehiago, hemen.

(zeure euskal etxeko ekitaldiak ez badituzu hemen ikusi, sartu itzazu mesedez albistearen ondoan, "Komentarioa gehitu" atalean)


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia