euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskal eta argentinar laburmetraia sorta bat emango du Buenos Airesen Laurak Bat-ek bihartik hasita

2009/11/27

Pablo Malo zuzendariaren 'Jardines Deshabitados' laburraren fotograma bat
Pablo Malo zuzendariaren 'Jardines Deshabitados' laburraren fotograma bat

PUBLIZITATEA

Euskal Herrian eta Argentinan filmatu eta ekoiztutako hainbat laburmetraien proiekzioa antolatu du Laurak Bat Euskal Etxeak Buenos Airesen larunbat honetarako eta hurrengorako. Zinemagintza independentea bermatzea eta zabaltzea helburu duen egitasmo honetan, Kimuak saileko zenbait laburmetraia eta Argentinako zinemagile gazte eta berriztatzaileen lanez gozatzeko aukera izango da. Hitzordua, bihar eta datorren asteko larunbatean, Laurak Bat-eko Sebastian Amorrortu Aretoan, sarrera libre eta doainik.

Buenos Aires, Argentina.  'Laurak Bat' Euskal Etxeak euskal eta argentinar zinegileen laburmetraia sortak aurkeztuko ditu bi larunbat jarraietan Belgrano Hiribideko bere egoitzako Sebastián de Amorrortu Aretoan, etorkizunean Argentina eta Euskal Herriko zinemagintzan zeresan handia izan dezaketen hainbat zuzendari eta zinemagileen lanak pantailaratuz.

Erakustaldi honekin, difusio sistema berri bat aldarrikatu nahi da, oinarri independenteetako lanak zinema areto eta telebista kate arruntetan tokirik izan ohi ez dutelako eta ondorioz ikusteko aukera bakarra zinema jaialdietan soilik geratzen delako. Caracasen bukatu berria den 'Zine Vasco' zinema jaialdiak komunikabideen inposaketei muzin egin nahi dien bezala, Laurak Bat-ek ere bultzada eman nahi die bere erara euskal eta argentinar laburmetraiei, Buenos Aireseko zinemazaleei gonbidapena luzatuz doako emanaldi hauetara etor daitezen, euskal eta argentinar zinemagintzaren proposamen berriztatzaileei gainbegirada bat bota diezaieten.

12 laburmetraia bi larunbat jarraietan

Laburmetraien emanaldiak larunbat honetan hasiko dira, azaroak 28an, arratseko sei t'erdietan, Kimuak saileko lau laburmetraia pantailaratuz, María Blanca Irusta, Euskal Etxeko bazkide eta euskara irakaslearen koordinaziopean. Erakustaldia lau laburmetraiok irekiko dute: Saffy Nebou-ren "Lepokoa"; Inaz Fernandez bilbotarraren "Hauspo Soinua"; Haritz Zubillaga eta José A. Pérez-en "El Metodo"; eta Pablo Malo donostiarrak zuzenduriko "Jardines Deshabitados".

Segidan, egun bereko arratseko zortzietan, eta aktore, pilotari eta Laurak Bat-eko bazkide den Julio Marticorenaren koordinaziopean, Argentinako hiru zuzendari gazteren lanak erakutsiko dira: "Viaje a Marte", Juan Pablo Zaramella-ren animaziozko laburra; Gabriel Stagnaro-ren "Un Santo para Telmo"; eta Pablo Bondesan-en "Enroque".

Euskal Herrian eta Argentinan egindako laburmetraien erakustaldiak hurrengo larunbatean jarraituko du, abenduaren 5ean, arratseko zazpietan, nazio barruko eta nazioarteko zinema jaialdietan ospea lortu duten beste lan batzuk aurkeztuz. Dieguillo Fernández Euskal Etxeko kide eta zinemagilearen "Teodelina KM 341" eta "Ratas" lanak erakutsiko dira (azken honek 1997ko Biarritzeko jaialdian 'Sol de Oro' saria jaso zuen). Erakustaldiari Laura Casabe-ren "Que te vas a morir gitano"; Laura Durán-en "Toro Verde"; eta bigarren aldiz proiektatuko den Pablo Bondesak zuzenduriko "Enroque" laburmetraiek emango diote bukaera.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia