euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskal Herrian bizi diren euskal-venezuelarren komunitateak bere 12. Topaketa egin zuen Galdakaon

2007/05/05

XII. Topaketan bildu ziren lagunak (argazkiak A. Zenarutzabeitia)
XII. Topaketan bildu ziren lagunak (argazkiak A. Zenarutzabeitia)

PUBLIZITATEA

Euskal Herrian Venezuelako Diasporan jaio eta bizitako euskaldun ugari daude eta urtero urtero batu egiten dira Simón Bolívar Euskal Venezuelar elkarteak antolatzen duen Topaketan. Aurtengoa hamabigarrena izan da eta Galdakao egin zen ohi bezala, apirilaren 14ean. Ehundik gora lagun, gazte, haur eta familia bildu ziren ekitaldira eta une hunkigarriak bizi izan ziren, hamabi topaketa hauek antolatu dituzten kideei eginiko omenaldia kasu.
Urtero bezala Topaketa Galdakaoko Elexalde auzoan gauzatu zen eta bertara heldu ziren Euskal Herri osoko euskal venezuelar Diasporako kideak. 'Eguerdia baino lehen heldu ziren goiztiarrenak: Yosu Arozena, Carlos Larraza, Iñaki Arregi eta bere iloba Aitor Arregi, Kepa Atxurra, Alberto Goiri, Felipe Serna eta Isabel emaztea, Cammarota Etxearte familia, Leunda Biskarretarrak… ', azaltzen dio BasqueHeritage.com-i Amaia Zenarutzabeitiak, topaketaren antolatzaileetakoak. Eguerdian aita Mikel de Vianak meza eman zuen Andra Mari elizan, joandako lagunen oroimenez: ‘Mutil’ Alberdi, Jose Joaquin Azurza, Miren Egileor de Gisasola, David Elexgarai, Dimas Elordi, Rufina Gallastegi, Goxuen Goiri, Koldobika Gutierrez, Miren Lezea de Solabarrieta, José Mª eta Patxi Maguregi, Xabier Mugarra, María Villar de Basañez, Iñaki Zugadi eta Eduardo Ruiz de Sabando.

Meza ondoren Elexalde sagardotegira joan ziren taldekideak, ohiko bazkariaz gozatzeko. 'Aurtengo parte hartzaileak, menua hartu zuten 99 nagusi eta hiru haur izan ziren; beste 20 bat haurrek ogitartekoa jan eta jolasean eman zuten eguna', aipatzen du Zenarutzabeitiak. Aurtengoan gainera taldeak pozarren hartu zituen bilkurara batu diren aurpegi berri batzuk: Marije Akarregi eta Guti, Jon Mikel Albaia eta familia, Iñaki Guruzeaga eta familia, Gotzone Marzana, Arantzatarrak eta Joseba Morales, Joseba Solabarrieta eta familia…

Omenaldia antolatzaileei

Giro ederrean joan zen bazkaria eta postreak zerbitzatzeko unean Joseba Leundak --topaketen aurkezle ofiziala berau-- omenaldien tartea hasi zuen. Aurtengo bilkurako pertsona nagusiena izateagatik Lutxi de Gutierrez andreak (Miguel Ángel eta José Ignacio Gutierrezen ama) perladun paparreko orratz bat jaso zuen, bere 87. urtebetzea zela eta. Ondoren, giro bizian, 'Zorionak zuri' abestu zioten lagunek Luis Fanori, egun horretan bertan bete baitzituen urteak, eta oparia eman zioten.

Baina omenaldiak ez ziren hor bukatu, topaketako lagunek ezusteko polita prestatu baitzuten antolatzaileentzat. Inongo susmorik ez zuten antolatzaileek baina guztien eskerrona agertzeko, topaketan parte hartu ohi duten lagunek, aurten haiek ere omenaldia merezi zutela erabakia zuten. Erabaki eta egin. Aurreko asteetan sekretua ederki gorde ondoren, sekulako ezustekoa eman zieten Etxebeste Zenarutzabeitia familikoei, Amaya, Agustin eta euren seme Dunixiri omenaldia eginez. Plaka bat, lore sorta eta opariak eman zizkieten, 'datozen hamabi topaketak' ere eurek antolatu ditzatela eskatuz.

[Goiko irudietan, ezker eskubi, goitik behera: Luis Fanok urteak betetzen zituen; Lutxi de Gutierrez; Agustin Etxebeste eta Amaya Zenarutzabeitia antolatzaileak eta azkenik, Iñigo Garcia, txistularia]


Lotura interesgarriak

Valenciako Euskal Etxea
www.valenciakoeuskoetxea.com

Caracaseko Eusko Etxea
www.euskoetxeacaracas.blogspot.com

Giro ederrra Galdakaon XI. Euskal Venezuelar Topaketan
EuskalKultura.com-en argitaratua 2006ko apirilaren 25ean


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia