euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskal Herrian bizi diren euskal-venezuelarrek larunbatean egingo dute XXI. Topaketa Galdakaon

2016/04/21

Aurreko edizio bateko euskal venezuelarren bazkariko giroa
Aurreko edizio bateko euskal venezuelarren bazkariko giroa

PUBLIZITATEA

Aurten ere topaketa egingo dute Euskal Herrian bizi diren euskal-venezuelarrek eta Galdakaoko jatetxe batean bilduko dira larunbatean. Simon Bolivar elkarteak antolatzen duen 21. topaketa da aurtengoa eta bertara biltzen diren lagunen artean urteko hitzordu garrantzitsuenetakoa bilakatu dela esan beharra dago. Eguna eguerdiko ordubatetan hasiko da, Santa Maria elizan egingo den mezarekin, eta ondoren bazkarian ehun lagundik gora espero dira.

Galdakao, Bizkaia. Larunbat honetan, apirilaren 23an, Simon Bolivar elkarteak urteroko Euskal Herrian bizi diren Euskal Venezuelarren topaketa deitu du. Bilera talde honek egiten duen hogeita batgarrena izango da eta ehun lagundik gora bilduko direla espero dute antolatzaileek. 

Hitzordua Galdakaon izango da, azken urteetan bezala. Aurreneko ekitaldia 13.00tan Santa Maria elizan egingo den meza elizkizuna izango da, urtean zehar hil diren taldeko lagunak eta senideak gogoratzeko. Ondoren, bazkaria egingo da 15:00etatik aurrera Gambrinus jatetxean.

Menuan Venezuelako jaki tipikoak egongo dira, Amaya Zenarutzabeitia antolatzaileak azaldu duenez, esaterako arepitak, tequeñoak, haragi egosia eta haragia tipula eta yucarekin. Horrez gain, eta iaz izan zuten arrakasta ikusita aurten ere "poncherak" jarriko dira mahaietan, bakoitzak nahi duen beste har dezan. 

Azken orduan jaira bildu nahi izanez gero, jarri harremanetan antolatzaileekin, 653015813 telefonora deituz edo mezua bidaliz pamayaz@gmail.com helbidera.

Iazko oroitzapen bikaina

Iazko topaketa oso arrakastatsua izan zen, 117 partehartzaileekin, eta antolatzaileek orduko giro ona errepikatzea espero dute. Adin askotariko lagunak bildu ziren orduan festara: gazteena, Alazne Kintana, 9 hilabetekoa (Venezuelatik etorri berria Xabier eta Luisa gurasoekin eta Alai eta Asier neba-arrebekin); nagusiena, aldiz, 90 urteko Sabin Sorozabal. Sabinek omenaldia jaso zuen eta umore onean eman zuen eguna, euskaraz eta erderaz kantari, bertsotan eta txisteak kontatzen!

Amaya Zenarutzabeitiak agertu duenez, Sorozabalekin batera mahaian ziren Garbiñe López, Juli de Goiri eta Pilar de Guruzeaga, "elkarrekin egoteagatik pozik eta hirurak eder eder". Iazko sorpresa nagusietako bat Itziar Rodríguez agertu zenekoa izan zen, bera ere Venezuelatik etorri berria zelako.

Gainera, Zenarutzabetiak azpimarratu egin du gazteak ere topaketara biltzen hasiak direla. Iaz, esaterako, gazteen mahaia osatu zen, tartean zeudela Orkatz Aierbe, Estibaliz Caro y Unai Goiri, Aker Akerreta, Estibaliz Barreda, Amaia Gisasola, Maider eta  Arkaitz Solabarrieta, Amaia Badiola, Itsaso Markaida eta Luis Simoes, Ohiana Bardesi...  Laburbilduz, nagusi zein gazteentzat tradizio bilakatu den bilkura ederra! Larunbatean, beste bat!



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia