euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskal Herrian bizi den komunitate euskal venezuelarrak bere urteroko bilkuraren XVI. edizioa ospatu du

2011/04/19

Joan den larunbatean Galdakaon egindako euskal-venezuelar bilkurako bazkariko ikuspegia (argazkia EuskalKultura.com)
Joan den larunbatean Galdakaon egindako euskal-venezuelar bilkurako bazkariko ikuspegia (argazkia EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Urteroko bere bilkura eta egunpasaren XVI. edizioa ospatu zuen joan den larunbatean Euskal Herrian bizi den komunitate euskal venezuelarrak. Euskal Herrian jaio eta Venezuelan bizi izan diren edota Venezuelako euskal komunitateetan jaio eta egun Euskal Herrian bizi diren euskal venezuelarrak dira elkarretaratze honetara gehienbat biltzen direnak. Aurtengo datak biltzeko pixkat aldrebesak izan badira ere --antolatzaileek esanik--, 54 partaide bildu ziren larunbatean, Simon Bolibar elkartearen eskutik eratutako ekitaldira. Bertaratutakoek omenaldi txiki bat egin zioten han zegoen adinik altuena zeukanari, Mª Carmen Garate de Atxurrari.

Galdakao, Bizkaia. Elkarretaratzeko programak meza iragartzen zuen nahi zuenarentzat egunaren lehenengo hitzordu gisa, eguerdiz Galdakaoko Elexalde auzoko Andra Mari elizan, komunitatean hildakoen alde, horien artean bereziki aipatuz Jon Basañez, Estefania Ledesma Aznar, Constanza Monje de Iza, Karmele Urresti Iturrioz, Robert Odriozola Sertutxa eta Edurne Urresti de Ayerdi. Mezaren ondotik, jendea apurka bildurik eta solas eginik aperitiboa hartu artean, pixkana gauza lekuz aldatu eta bildutakoak Galdakaora jaisten hasi ziren, herriko batzokia izan baitzen aurtengoan bazkaria egiteko hautatutako lekua.

Dagoeneko ohitura bilakatu denez, ekitaldira batutakoek omenaldi txiki bat egin zioten eta opari txiki bat eman, zeudenen arteko beteranoenari, hala nola Mª Carmen Garate de Atxurrari, 80 urteko anderea, familiaz inguratuta egunaz eta bazkariaz ongi gozatu zuena. Bertaratuta gazteena, berriz, 13 hilabeteko Olatz Muñoz Leunda zen, amaren altzoan ekitaldia zintzo-zintzo portatuz pasatu zuena.

"Aurtengoan, datarengatik, Aste Santu aurreko asteburuan egin dugulako, jende gutxiago etorri da", aitortzen zion EuskalKultura.com-i ekitaldia antolatzen duen Amaya Zenarutzabeitia euskal-venezuekarrak, Caracasen jaioa izanik urte luzetan Galdakaon bertan bizi den emakume hau lokarri modukoa da komunitatearentzat. "Normalean aurtengo berrogeita hamapikoetatik, beste urte batzuetako ehunda gehio edota ehunda berrogeita hamar pertsona arteko partaidetza izan ohi dugu".

Joan den larunbatekoa, euskal-venezuelar deialdi hau gauzatzen den hamaseigarren aldia da. Hasieran, urtero Euskal Herriko leku edo herri diferente batean egiten hasi zen, hala nola Arrieta, Alegi, Altsasu, Lierni edo Olaztin, baina azken urteotan beti egin izan da Galdakaon. Azken bilkura honetara etorritako bat Josu Legarreta izan zen, aurreko Jaurlaritzako Kanpoko Euskal Gizataldeetako zuzendari izana.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia