euskal diaspora eta kultura
2009/11/12
PUBLIZITATEA
Donostia, Gipuzkoa. Erabiltzaileen eskaria asetzen lehenak izateko helburuarekin, interneteko bilatzaileak ziztu bizian ari dira eraldatzen, berriztatzen eta hobetzen. Bilaketen emaitza zehatzenak, egokienak eta osatuenak eskainiko dituena izango da besteengandik ezberdinduko den bilatzailea, eta Google-ek, mundu mailan gehien erabiltzen den bilatzaileak (Yahoo eta MSN search-ek gertutik jarraituta), berriz ere elkarlehian daudenengandik pauso bat haratago dagoela egiaztatu du, bere mapen bilatzaileari aplikazio iraultzaile berri bat gehituz.
Munduko beste herrialdeetakoez gain, Euskal Herriko kale, errepide, herri eta txokoak internet bidez irudietan ikus daitezke, Google Street View erabiliz. Erabiltzaileek, birtualki, euskal geografiaren eskualde eta errepideetan zehar bidaiatu, herriak bisitatu eta beraien etxebizitzak aurki ditzakete, Google Maps-en erreminta berritzaile honekin.
Denbora hartzen duen lana
Zerbitzu berri hau Google Street View-ren bi baliabiderekin, autoa eta bizikletarekin, ateratako argazkien emaitza da. Lehenengoak Euskal Autonomi Erkidegoa eta Nafarroa orain dela urte bete bisitatu zuen eta, zenbait astetan zehar, euskal hiriburu eta udalerrietan barrena argazkiak ateratzen ibili zen. Bizikleta mapak hobetzeko helburuarekin erabili zen, autoz iristeko zailagoak diren tokien irudiak ere lortzeko.
Oraingoz, Bizkaia eta Nafarroa dira Google Street View-en ibilbide gehien dituzten lurraldeak eta hirugarren bat aukeratzekotan Araba izango litzateke. Gipuzkoari dagokionez, Donostiako eta beste herri askotako mapa guztiak ez dituzte gehitu eta Ipar Euskal Herriko kale eta errepide gutxi ikus daitezke oraindik bilatzailean, nahiz eta Google-etik pixkanaka eransten joango direla esaten duten. Euskadiko mapez gain, Estatu eta mundu mailako milaka ibilbide daude ikusgai online.
Nola erabili Google Street View?
Google Street View-ren erabilpena erraza eta sinplea da: Lehenik eta behin, Google Maps-en sartu behar gara, eta bisitatu nahi dugun lurralde, herri edo hiriaren izena sartu behar dugu bilatzailean. Ezkerraldean hainbat argazki aterako dira eta eskuinaldean mapa agertuko da, hainbat ikonorekin. Goialdeko ezkerraldean ‘panpinaren’ irudia horiz agertzen bada, Google Street View-k jadanik hiri edo herri hori bisitatu duela eta, beraz, bertako ibilbideak ikusgai daudela esan nahi du.
“Panpin” hori klik batekin nahi dugun punturaino herrestatzea da egin behar den gauza bakarra. Kaleak eta errepideak urdinez seinaleztatuak egon behar dira argazkietara iristeko. Ondoren, maparen goikaldea argazki errealekin betetzen joango da, eta 360 graduko perspektiba mugimenduak egin ditzakegu. Tokian aurreruntz egiteko, klik bikoitza egin beharko dugu kaleetan ibilbidea markatzen duten marra zuzenetan. Saia zaitez: Etxetik mugitu gabe bidaiatzeko aukera paregabea da!
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus