euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskal Herrian 863.000 euskal hiztun daude, Eusko Jaurlaritzaren IV. Mapa Soziolinguistikoaren arabera

2009/04/24

IV. Mapa Soziolinguistikoaren aurkezpena. Gaur goizean azaldu denez, Euskal Herrian 863.840 dira biztanle euskaldunak eta horietarik 755.640 Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan bizi dira.
IV. Mapa Soziolinguistikoaren aurkezpena. Gaur goizean azaldu denez, Euskal Herrian 863.840 dira biztanle euskaldunak eta horietarik 755.640 Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan bizi dira.

PUBLIZITATEA

Eusko Jaurlaritzak IV. Mapa Soziolinguistikoaren datuak plazaratu ditu gaur goizean. Mapa honek Euskal Autonomi Erkidegoko datuak jasotzen ditu gehienbat (kasu honetan, 2006ean IV. Inkesta Soziolinguistikorako bildu ziren datuetan oinarrituta). Nahiz eta datuak EAEkoak izan (Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa), Miren Azkarate Kultur Sailburuak aurkezpenean azpimarratu duen datu bat Euskal Herri osoko euskal hiztunen kopurua izan da: 863.000, horietatik 755.640 Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan.

Donostia-San Sebastián. Eusko Jaurlaritzak gaur goizean aurkeztu du Euskal Autonomia Erkidegoan euskarak eta gaztelerak duten egoera azaltzen duen IV. Mapa Soziolinguistikoa. Aurkezpenean Miren Azkarate Kultura sailburuak eta Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikarako Sailburuordeak azaldu dituzten datuen artean azpimarragarria da EAEko %37,5ak dakiela euskara, hau da, orain dela 25 urtetik hona 15,5 puntutako igoera, azaldu dute.

80. hamarkada hasieran gertatzen zen ez bezala, gaur egun euskal hiztun gehienak gazteen artean daude, eta hori dela-eta Hizkuntza Politika saileko egungo arduradunek etorkizunean euskara eta elebitasuna indartsu egongo diren esperantza dute. Gaur egun EAEan 1981ean baino 325.000 elebidun gehiago daude, nahiz eta biztanleria 12.470 lagun gutxitu den eta 100.000 immigrante etorri diren. Portzentaietan, honek zera suposatzen du: biztanleriaren %37,5a elebiduna dela; %17,3a elebidun pasiboa (euskara ulertu bai baina ez dute hitzegiten) eta %45,2ak gaztelera baino ez dakiela. Duela 25 urte biztanleriaren %60ak gazteleraz baizik ez zuen egiten Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan.

Hezkuntza sarearen garrantzia

Mapa Soziolinguistikoak hezkuntza sareak datu hauetan izan duen eragina azpimarratzen du, izan ere guraso gehienek seme-alabak B ereduan (euskara eta gaztelera) eta D ereduan (euskara hutsean) matrikulatzea erabaki dute, eta beraz A ereduan (gaztelera hutsean) ikasten duten haurren kopuruak behera egin du. Adinei dagokienez, gaur egun 15 urtetik beherako gazteen %75a 'erabat elebiduna' da, duela 25 urteko %20aren aldean. Datu hauetan oinarrituz, Eusko Jaurlaritzak beste 25 urte barru 55 urtetik beherako biztaleriaren %75-85a elebiduna izango dela uste du.

Herrialdeka, Gipuzkoan %53,3a da elebiduna, elebidun pasiboak %15,8a eta %30,9a erdal hiztunak. Araban euskal hiztunen kopurua %25a da eta Bizkaian %31,3a.

Euskara etxean

Nahiz eta orokorrean euskararen ezagutzaren balioespena ona den, Hizkuntza Politikak etorkizunean izango duen erronka nagusietako bat euskara etxean eta 'inguru ez formaletan' sustatzea izango da. Izan ere, euskararen erabilera etxean azken 15 urteetan hobera egin ez duen faktore bakanetako bat izan da, %21,4 batean mantenduz. Horren arrazoia gaur egungo elebidun gehienek hizkuntza etxetik kanpo ikasi dutela izan daiteke, orain dela 25 urte gertatzen ez zen zerbait.

PDF artxiboan deskargatu: IV. Mapa Soziolinguistikoa



Komentarioak

  • euakara

    iruditzen zait euskararen porzentaia EAEn handiagoa izan beharko lukeela. Honen ondorioa, euskara galtzea izango baita.

    Maider, 2012/01/11 12:16

« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia