euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskal Herriak irabazi du Bartzelonan jokatu den Munduko Euskal Gizataldeen Mus Txapelketa

2008/09/15

Sari banaketako irudi bat
Sari banaketako irudi bat

PUBLIZITATEA

Iñaki Abendibar eta Antonio Vicentek osaturiko Euskal Herriko bikoteak irabazi du Munduko Euskal Gizataldeen Mus Txapelketa. Bartzelonan jokatu da irailaren 6tik 14ra eta Euskal Diasporako 12 bikotek hartu dute parte. Bigarren tokian AEB-tako Manuel Villanueva eta Tony Vitoria izan dira eta hirugarren lekuan Iñaki Intxausti eta Andres Fernandezek osatzen zuten Katalunyako bikotea. Oso giro jatorra eta ona bizi izan da txapelketak iraun dituen egunetan eta muslariekin etorritako laguntzaile eta ordezkariak Katalunia eta bertako kultura ezagutzeko hainbat ekitalditan hartu dute parte. Hurrengo urteko hitzordua Balmasedan izango da, Bizkaian, bertako Udala eta Turismo Sailaren ekimenez.

Bartzelona, Katalunia. Munduko Euskal Gizataldeen Mus Txapelketa larunbatean amaitu zen sari banaketekin. Ekitaldian euskal eta katalan kulturetako dantza, musika eta gastronomiaz gozatzeko aukera izan zuten Diasporako ordezkariek. Bartzelonako Euskal Etxean irailaren 6tik 14ra ospatu den txapelketa Iñaki Abendibar eta Antonio Vicente Euskal Herriko bikoteak irabazi dute. Aurtengoa, Iñaki Abendibarren bosgarren txapela da. Bere betiko bikote Angel Riberok kale egin dio aurten eta bere ordez Antonio Vicente aritu da, ondo gainera, txapela eskuratu baitute. Txapelketak liga eredua izan du eta Euskal Herriko bikotea porrot bakarrarekin suertatu da txapeldun. AEB-tako Manuel Villanueva eta Tony Vitoria geratu dira bigarren tokian, bi partida galduta. Hirugarren lekuan berriz, Kataluniako Andres Fernandez eta Iñaki Intxausti izan dira, hiru porrotekin. Emakumeak ere izan dira parte hartzen Munduko Euskal Gizataldeen Mus Txapelketan, Espainiako bikotean adibidez, Mari Luz Abel aritu da musean, Mariano Larrañagarekin batera.

Txapelketak iraun dituen egunetan, 12 herrialdetatik joandako muslari, ordezkari zein laguntzaileek Katalunya eta bere kultura ezagutzeko parada izan dute. Bartzelonako Euskal Etxearen beste xede bat zen hau, bertako kulturan barneratzekoaukera ematea bisitariei. Horretarako hainbat txango eta kultur jarduera egin dituzte. Bartzelonako inguruak, Codorniu eta Torres upategiak, Montserrat, Sitges... bezalako leku ezagunetan egon dira, bertako eta Euskal Herriko gastronomia dastatu dituzte eta txapelketa ofizialaz aparteko mus txapelketa bat ere egin dute.

Hurrengo urtean Balmasedan izango da hitzordua, Bizkaian, bertako Udala eta Turismo Sailaren ekimenez.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia