Donostia-San Sebastian. Eta zabalik dute izen-emateko epea. Saison Québec-Pays Basque egitasmoaren baitan antolatutako jardunaldi honetan, ‘Eleaniztasuna eta literatura: Euskal Herria eta Quebec’ lelopean jorratuko dituzte hizkuntza ez hegemonikoetako literatura eta hizkuntza-aniztasuna. Parte hartuko dute, besteak beste, Elizabete Manterolak, Xabi Payak eta Amets Arzallusek. Laval Unibertsitatea, Etxepare Euskal Institutua, Quebeceko PEN kluba eta Euskal PEN kluba dira ekimenaren sustatzaile, Etxeparek ohar batez jakinarazi duenez.
Modu telematikoan jarraitu ahalko da bi egunetako egitaraua. Horretarako, hemen eman daiteke izena, eta programa hemen kontsultatu. Interpretazio zerbitzua eskainiko da euskara-frantsesa (Yannick Bedrad) eta frantsesa-euskara (Leire Azkargorta).
Egunero aurkezpenak egingo dira, eta mahai-inguruak saio bakoitzaren amaieran. Jardunaldiek proposatuko dituzten adituen hitzaldiek sorkuntza literario hauek partekatzen dituzten ezaugarriak identifikatuko dituzte; hizkuntza gutxituak dituzten ingurune eleaniztunak, literatura frantziar-quebectarra, gutxiengo ikusgarrien edo kulturalen literatura, eta literatura ekoizpena Euskal Herrian, Quebecen eta Ipar Amerikan…
Jardunaldi hauen helburua periferiatik edo bazterretik garatutako literaturen ikerketa konparatua sustatzea da, euren herrialdeetan lehentasunezko literatura merkatuak ez dituzten hizkuntzetan sortutako literaturak aztertzeko. Era berean, jardunaldiek Euskal Herriko eta Quebeceko errealitateak aztertuko dituzte literaturaren ikuspegitik.