Soria, Espainia. Euskal Herria eta bere hizkuntza, poesia eta literatura protagonistak izango dira Soria hirian abuztuaren 1etik 8ra garatuko den Expoesía 2021 jaialdian, euskal kulturagile talde bat bertaratuko delarik Etxepare Euskal Institutua laguntzaile. Iazko Portugali txanda hartuz, 'Cercanías' atalak euskarazko zein gaztelaniazko euskal egileak jendaurretuko ditu, besteak beste Bernardo Atxaga, Kepa Murua, Karmelo Iribarren, Pello Salaburu edo Jon Kortazar-en lekukotasuna bertaratuz.
Ikuskizunen arloan, bertan izango dira baita ere Kukai (abuztuaren 1ean) eta Amaia Zubiria (abuztuaren 2an) eta proiektatuko dira, esaterako Obaba, Dantza filma eta monografiko bat eskainiko zaio Oscar Alegria iruindarraren obrari. Bertsolaritza eta bertsolariak ere partaide izango dira, aldibereko itzulpenez eta Isabel Azkarate argazkilari donostiarraren erakusketa bat ere bisitatu ahal izango dute gerturatzen direnek, azken hau abuztu osoan, 28ra arte.
Hamabost bat izango dira ekimen honen hamalaugarren ediziora Euskal Herritik hurreratuko diren autoreak eta Expoesiaren baitango Liburu Azokara bilduko diren hogei argitaletxeetatik hiru izango dira Euskal Herrikoak. Programa osoa ez sute oraindik erabat itxi eta argitaratu, baina egindakoan helaraziko dute.