Proiektuaren diseinatzaileen esanetan, “Europako plazak, batez ere Espainia eta Frantziakoak, izan ditugu gogoan Euskal Herria izena aukeratu dugunean. Plaza horiek elkargune ziren, jendea plazetara joaten zen elkartzera, ondo pasatzera eta baita erosketak egitera ere”. Euskal Herria Plaza zabalik dago jadanik eta urtean zehar zenbait ekitaldi antolatuko dituzte lekua sustatzeko. Merkataritza gunea Tigre Partiduko Laguna del Sol izeneko auzo pribatuaren ondoan dago kokatuta eta 46 lokal ditu, hiru pisutan banaturik.
Tigre, Argentina. Nahiz eta proiektua 2009koa izan, abenduan ireki ditu bere ateak 'Euskal Herria Plaza' merkataritza guneak, Troncos del Talar hiriko Escalada etorbideko 1200. zenbakian. Saltokiak azken urte hauetan Tigre partiduan egiten ari den urbanizazio prozesu batekin egin du bat, bertan eraiki ziren auzo pribatuei eta beren biztanleei begira.
Eraikuntzaren ezaugarriei dagokienez, diseinatzaileek azaldu dutenez, “hiru plaza batzen ditu Guneak: ‘Sendoa’ (sic, euskaraz) izenekoak ahalegina adierazten du eta bertan banketxeak eta erosketak egiteko lokalak daude; ‘Vitoria’ plazak, handienak (25x20 metrokoa), taberna bana du mutur bakoitzean. Toki honetan gainera, mota askotako ekintzak antolatzeko asmoa dago. Azkenik, ‘Indarra’ (sic) plaza delakoan arropa dendak eta jatetxeak daude. Jatetxeen inguruan elkarren artean lotuta dauden ibilbideak egin ditugu, jendea paseatu ahal izateko”.
Lekuak hiru solairu eta 150 auto jaso ditzakeen lur azpiko aparkalekua du. “Solairu bakoitzak bere estiloa dauka, eta inguruko biztanleen oinarrizko beharrak betetzen dituen hainbat denda. Erosketak egiteko aukera emateaz gain, ekitaldiak antolatzeko asmoa ere badugu. Euskal Herria Plaza benetako plaza bat izatea nahi dugu, jendea etortzea ondo pasatzeko”, azaldu dio Merkataritza Guneko Harreman publikoaren arduraduna den Andrea Marinik Gallaretas izeneko herriko buletinari.
Arduradunen erro euskaldunak
Izenaren hautaketa ez da kointzidentzia hutsa izan. Proiektuaren arduradunek EuskalKultura.com-i jakinarazi diotenez, “Gunearen jabeek ez dute gaur egun kontakturik euskal kolektibitatearekin. Baina badakite euren abizena, Arhancet, Euskal Herri Iparraldekoa dela eta horregatik izendatu zuten lekua ‘Euskal Herria’. Eraikuntza bera euskal nortasunari begira diseinatu dugu, plazen eta euskal izenen bidez euskal izaera irudikatu nahi baitugu”. Honi lotuta ekintzen programa polit bat ari dira antolatzen enpresaren arduradunak urtean zehar garatzeko. Proposamenak atera ahala zabalduko ditu Merkataritza Guneak horretarako daukan Facebook kontuan, Euskal Herria Plaza izenpean.