Ternuara (Kanada) egindako bidaia batean izan zuten euskaldunen berri Amy Arnold eta Étienne Trépanier-ek eta, ondotik erabaki zuten Euskal Herriari buruzko proiektu hau abiatzea. “Nazioen aferak interesatzen zaizkit eta, quebectarra izanik, uler nitzakeen euskal kulturaren hainbat gauza; beraz, proiektuarekin hasi ginen”, esan dio Trépanier-ek EuskalKultura.com-i. Euskal Herrian barrena eurak gidari ibili nahi duten iparramerikarrek, etxeko ordenagailutik egin dezakete, frantsesez zein ingelesez,
Ottawa, Kanada. Duela urtebete bukatu zuten filma editatzen Arnold-ek eta Trépanier-ek, baina webgune osatuago batean nahi zuten aurkeztu, bideo eta informazio gehiagoz hornitura. Horrela jaio da, joan den irailean, Discover the Basque Country. Musika, bertsolaritza, artzaintza, jai eta ospakizunak, sukaldaritza… hamar gehi bat gai jorratzen dituzten bideo eta testu sorta aurkezten ditu atari multimediak. Eta, ororen buru, filma online ikusteko aukera ematen du. Euskal Herriko hiri ezagunenak eta txoko galduenak, familia plan ederrean, ezagutzera ematen dituen dokumentala: Aralartik Baiona eta Bilbora, eta Donostiatik Guardiaraino, Iparraldeko ikastolako irakasleei bisita egin ostean, eta sanfermin jaietan murgildu aurretik.
“Momentu honetan filma ezagutzera ematen gabiltza eta jende aurreko aurkezpenak nahiko genituzke egin, dokumentala erakutsi eta lanari buruz berba eginez”, azaltzen du zuzendariak. Kari horretara pelikula ekoizten lagundu dien Quebec-eko Euskal Etxearekin harremanetan daude dagoeneko, baina NABO edota Parc de L’aventure Basque en Amérique bezalako instituzioekin ere nahi dituzte zehaztu gauzak.
Duela bost urte ingurura arte Euskal Herriaren berri ez bazuten ere, behin egondakoan inpresio ezin hobez itzuli ziren Ameriketara.: “Edozein ate jota ere beti zabaldu ziguten eta oso ongi etorri beroa eman ziguten, beti, hori ez dut inoiz ahaztuko”. Eta mota guztietako ateak jo zituzten: Arzak sukaldariarekin eta Kepa Junkera musikariarekin berba egin zuten, baina baita Jokin eta Jon deituriko arrantzale eta artzainarekin ere. “Duen izaera indartsu horrekin, oso leku erakargarria da Euskal Herria iparramerikar batentzat”, baitetsi digu ofizioz abokatua den Trépanier-ek.
Diasporarentzat filma interesgarria suertatzea nahiko lukete egileek, bai eta euskal jatorririk ez duen jendeak ere Euskal Herriaz jakin dezan. Horregatik, testuekin liburu bat eta, agian, musikarekin CD bat ateratzea pentsatu dute.
Hementxe webgunea.