euskal diaspora eta kultura
2009/09/07
PUBLIZITATEA
Trenque Lauquen, Argentina. Buenos Aires probintziako lursail hauek jendeztatzera etorri ziren euskaldunei omenaldi bat egiteko asmoarekin eskatu zioten Euskal Sustraiak Euskal Etxeko kideek Udalari herriko berdegune bati Euskal Herria izena ematea. Udalak oso azkar eman zien baiezkoa eta euskal etxeko kideen esku jarri zuen orube batzuen artean bat aukeratzea. 'Monferrand eta Racedo kaleen elkargunean dagoena aukeratu dugu, asfaltoa haraino heltzen delako eta hori dela eta etorkizunari begira egokiagoa iruditu zaigu' azaldu du euskal etxeko lehendakari den Martin Iriart-ek.
Etorkizuna aipatzen dute euskal etxekoek, etorkizunerako helburu bat baino gehiago dauzkatelako. 'Udalak egingo ditu plaza apaintzeko lanak. Gero gure betebeharra masta bat zutitzea izango da, ikurriña eta Argentinako bandera jar ditzagun. Horretaz gain plaka oroigarri ere ipiniko dugu', jakinarazi digu Alejandra Bengochea erakundeko idazkariak. 'Geroago, euskal kultura zabaltzeko ekintzak egingo ditugu, hemengo jendeak hobeto ezagut dezan'.
Euskal Sustraiak Euskal Etxeko kideak, eta euskal komunitatea oro har, poz-pozik daude erabakiarekin: 'Trenque Lauquengo plazek honaino heldu ziren etorkinen jaioterrien izenak dauzkate. Orain geuk ere Euskal Herriari dagokiona daukagu. Bestalde, esan beharra dago nahiz eta batzorde administratiboan alderdi politiko ezberdinetako ordezkariak izan, aho batez onartu dutela gure proposamena; eta hori azpimarratzekoa da. Bat etorri ziren guztiak euskaldunen proiektua bideratzeko', adierazi dute ideiaren sortzaileek.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus