euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskal Herria ezagutu nahi duen estatubatuarra zara? Zatoz Anita Anacabek irailean gidatuko duen bidaian

2013/03/15

Anita Anacabe-Franzoia elkotarrak (eskubian) NABOren Bizi Emankorra jaso zuen iaz
Anita Anacabe-Franzoia elkotarrak (eskubian) NABOren Bizi Emankorra jaso zuen iaz

PUBLIZITATEA

Anita Anacabe-Franzoia elkotarrak eskarmentua du estatubatuarrei Euskal Herria erakusten; izan ere, makina bat urte badira bertara kultur bidaia gidatuak antolatzen hasi zela. Anacabe AEBetako euskal komunitateko kide ezaguna da, euskaraduna eta euskara irakaslea Elkon eta iaz Ipar Ameriketako euskal etxeen elkarteak Bizi Emankorra saria eman zion, bertako euskal kulturaren alde luzaroan egin duen eta egiten duen lanagatik. Euskal Herria ederki ezagutzen du eta buru-belarri saiatuko da bidaiariek esperientzia ahaztezina izan dezaten. Ostera irailaren 26tik urriaren 8a bitartean egingo da.

Elko, AEB. Izena emateko epea irekita dago Anita Anacabe Franzoia elkotarrak gidatuko duen Euskal Herrirako bidaian parte hartzeko. Aurreko edizioetan bezala, elkotarrak Education First erakundearekin  lankidetzan antolatu du bidaia. Taldea Salt Lake City-tik abiatuko da eta 13 eguneko egonaldia egingo du Euskal Herrian. 

Anacabek bidaiaren nondik-norakoak azaldu dizkio EuskalKultura.com-i. Euskal Herriko egonaldia Bilbon hasiko da, irailaren 27an. Bertatik taldea Donostiara joango da eta hiria ezagutuko du. Hurrengo egunetan bidaiariek hainbat leku bisitatuko dituzte: Zugarramurdi, Donibane Lohizune, Uharte Arakileko arkeologi-gunea, Donibane Garazi, Orreaga, Bilbo, Laguardia, Bermeo, Bakio, Gaztelugatxe, Lekeitio, Markina eta Gernika. 

Senitartekoen bila

Bidaian, Euskal Herria eta euskal kultura bertatik bertara ezagutzeko interesa zuten estatubatuarrez gain, euskal jatorriko amerikarrek ere parte hartu ohi dute. Asko Euskal Herrian senitartekoak bisitatzeko asmoarekin doaz; beste zenbaitzuk, lokarria galdutako familia galdua aurkitzeko itxaropenarekin. Anacabek horiei guztiei laguntzen saiatzen dela azaldu du, eta bidaian senitartekoekin biltzeko tarte berezi bat egingo du hala nahi dutenentzat. Horrez gain, familiaren bila ari direnei, abiatu aurretik informazioa emateko eskatu die, senitarteko horiek aurkitzen saiatzeko aukera izan dezan.

Informazio gehiago jaso nahi izanez gero, idatzi Anita Anacaberi (hona). Tourrari buruzko datu guztiak Education Firts College Study Tours erakundearen webgunean (www.efcollegestudytours.com/enroll) daude. Bidaiaren zenbakia 1202698 da.


 



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia