euskal diaspora eta kultura
2011/05/26
PUBLIZITATEA
Donostia-San Sebastián. Duela 16 urte heldu zen Tytti Thusberg Euskal Herrira, Finlandian ezagutu zuen mutil euskaldunari jarraiki. Gizon hura bere senarra da egun, eta bi seme dituzte. Tyttik diseinatzailea da eta material birziklatuekin boltsoak egiten ditu, modaren diktaduratik kanpo, slow fashion delako mugimenduaren baitan. Bikain egiten du euskaraz: "Noski, senarra euskalduna da, bi semeak euskaldunak ditut eta etxean beti egiten dugu euskaraz, prentsa euskaraz irakurtzen dugu...", azaltzen dio EuskalKultura.com-i.
Joseba Ossa Suomitar elkartera ekarri zuen bidea ere antzekoa izan zen: "Hiru urtez Finlandiara joan nintzen ikastera eta hango batekin 'kateatu' nintzen. Finlandiartu arte gelditu nintzen han eta gero Mia-ri, emazteari, 'orain zu' esan nion eta Euskal Herrira etorri ginen. Tratu hori genuen", dio Ossak. Bertan darraite eta Miak hitza bete zuen: ederki ikasi du euskaraz, elkarteko beste finlandiar askok bezala.
Sintonia berezia
Bi hizkuntzek zerikusi zuzenik ez badute ere, finlandiar eta euskaldunen artean identifikazio handia sortzen dela segurtatzen du Ossak. "Eurena ere hizkuntza txikia eta zaharra da, eta sintonia puntu berezia dute gurekin", azpimarratzen du. Tyttik ere berdin pentsatzen du: "Suomi hizkuntza eta kultura oso bereziak dira. Horrek gertutasuna sortzen du. Horrez gain, finlandiarrek naturarekiko lotura handia dugu eta euskal kulturan ere bada harreman hori".
Elkartearen helburu nagusia Euskal Herrian bizi diren finlandiarren eta euskaldunen arteko harremana sustatzea eta informazioa zabaltzea da. "Inoiz Finlandiako kazetariak geurekin jartzen dira harremanetan, Euskal Herriaren berri eman behar dutenean hemengo errealitateari buruzko informazio zuzena eskuratzeko", agertzen du Ossak. Finlandiako euskal munduarekin ere badute harremanik, batez ere Helsinkiko Unibertsitatean euskal kultura irakurletza gidatzen duen Hanna Lantoren bitartez.
[2008an Durangoko Azokan erakusketa egin zuen Suomitar elkarteak. Finlandia izan zen edizio hartako herrialde gonbidatua (argazkia Suomitar)]
Nokiarentzako erosi nahi dute
Bi herrian arteko zubiak indartzeko asmoarekin Suomitar elkartea euskara-suomiera hiztegi bat egiten ari da. Duela zenbait urte hasitako egitasmoa da eta apurka-apurka aurrera ari dira, elkarteko kideek euren ekarpenekin, bolondres. Hiztegiak 5.000 sarrera inguru ditu jada.
"Badugu jada sarean zer edo zer jarrita, baina webgunea berritzekotan gara egunotan. Hiztegia aurtengo Gabonetarako bukatuko dugu eta orduan argitaratzeko aukerak aztertuko ditugu", azaltzen du Ossak. Hala ere izan dute jada eskaintza bitxirik: "Nokiarentzako [Finlandiako telefono mugikor enpresa erraldoia] aplikazioak garatzen dituen enpresa batek hiztegia erosteko eskaintza egin berri digu. Nahiz eta merkatu txikia izan dezakeen, mugikorretarako aplikazio bezala saldu nahi dute", dio Josebak.
-Suomitar elkartearen webgunea, hemen
Aurten egon naiz Finlandian eta liluratuta geratu naizen!
Alfredo Ostaritz Fernandez, 2012/09/10 11:19
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus