euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Guztia prest Euskal Herrian eta Diasporan San Sebastian eguneko jai eta burrunbari ekiteko

2009/01/19

Murtziako Euskal Etxeko kideak iazko San Sebastian afarian (argazkia MurtziaEE)
Murtziako Euskal Etxeko kideak iazko San Sebastian afarian (argazkia MurtziaEE)

PUBLIZITATEA

Ordu gutxi falta dira San Sebastian jaiaren hasierarako eta Donostia eta Azpeitiko kaleak danborra etengabe jotzen ari diren lagunekin bete daitezen. Alta, jaiak aspaldi gainditu zituen Euskal Herriko mugak eta egunotan herrimina sufritzen zuten euskaldunen eskutik Diasporako bazterretara ere heldua da. Jaia klasikoa bihurtu da Bartzelona, Madril, Murtzia, Mexiko, Caracas, Necochea (Argentina) edo New York bezalako tokietan. Iaz danborrada estrainekoz atera zuten Seattle-en (AEBtan) eta aurten, nola ez, berriz ere egingo dute. Gero eta gehiago dira, tradizioei eutsi eta ondo pasatzeko gogoarekin, Sarriegiren piezekin disfrutatzera animatzen diren euskal etxeak.

Donostia-San Sebastián. Dena prest dago Donostian eta Azpeitian gaur gauerdian jai handiari hasiera emateko. Datozen orduetan bi herri hauetako kaleak danborra jotzen arituko diren milaka lagunez beteko dira. Donostian, kasu, 12.000 nagusi eta 4.700 haur aterako dira konpainia desberdinetan.

Aurreko urteetan bezala, bertan jaia bizi ezin dutenek zuzenean telebista bidez ikusi ahal izango dute, ETB, ETB-Sat eta Canal Vasco-ren bidez. Hala ere, Diasporako hainbat euskal etxetan haratago joango dira eta euren jai eta, kasu batzuetan, danborrada propioak egingo dituzte. Adibidez Necochean (Argentina) eta Mexiko DFn danborrada ia-ia profesionalak direla esan daiteke, Donostian eta Azpeitian ateratzen direnen parekoak jende, gogo eta abilezian.

Madril, Bartzelona, Murtzia

Madrileko Euskal Etxean afaria egingo dute gaur bertan Salones Orfeo jatetxean (C/ Atocha, 125) eta gauerdian nagusien danborrada joko dute, ETBko emanaldiari jarraiki. Bihar haurren txanda izango da eta urtero bezala Euskal Etxearen egoitzaren aurrean egingo dute danborrada.

Bartzelonako Euskal Etxeak ere gaur ospatuko du jaia, egoitzan egingo duten afari batekin. Bertaratzen direnen artean sukaldari txanoak eta makilak banatuko dituzte eta gauerdian danborrada joko dute. Murtzian ere afaria egin eta danborrada 'kit'-a banatuko dute, laugarren urtez.

Seatle, New York, Caracas, Mexiko

Estatu Batuetara ere helduko da danborrada eta New Yorken, adibidez, Donostiako Gaztelubide elkartekoek oparitutako danborrekin jo ahal izango dute. Seattle-en aldiz, danborradaren 'errudunak' Joseba Jimenez donostiarra, Txori jatetxeko jabea, eta Caroline emaztea dira. Iaz lehenengo aldiz San Sebastian eguneko jaia antolatu zuten eta izan zuten arrakastak animatuta, aurten ere 17:00etatik aurrera, jatetxea Seattle-eko danborrada zale guztien bilgunea izango da.

Renon, berriz, aukera berezia izango dute gaur danborrada ospatzeko. Donostiarekin senidetua den hiri honetako jende talde bat Javier Etxeberria eta bere familiaren etxean --donostiarrak eurak-- bilduko dira, festari behar bezalako ohoreak egiteko. Ikasurte baterako Estatu Batuetan den familia honek ez du San Sebastian eguna pasatzen utzi nahi izan eta danborrada jotzeko deialdia egin die Nevada-Renoko Unibertsitateko Center for Basque Studies-eko lagun eta lankideei. Ordu-aldeari muzin eginez, arratsaldeko hiruretan bilduko dira, ETBko zuzeneko erretransmisioa internet bidez segitzeko, gaur Estatu Batuetan jai eguna dela baliatuz.

Beste danborrada bat, kasu honetan klasikoa, Mexiko DFko euskal etxearena izango da: urtero berrehun lagundik gora biltzen dira bertan afaltzeko eta elkarteko kideek osatutako danborrada ikusi eta entzuteko. Azkenik, Caracas-en (Venezuela) bertako euskal etxeak larunbateraino atzeratuko du jaia ahalik eta kide gehienek izan dezaten nagusien eta txikien danborradaz gozatzeko aukera.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia