2016ko Apirilaren 26an aterako da Argentinatik Saladilloko lagunek osatutako taldea bi astetan zehar Euskal Herriko leku esanguratsuenak ezagutzeko. Hiri eta herriak bisitatzeaz gain, euskal kulturan ere murgilduko dira bidaiariak, gastronomia, festak eta herri kultura eta kirolen mundua ezagutuz. Erreserbak egiteko epea azaroaren 15eraino luzatuko da.
Saladillo, Argentina. Saladilloko Itxaropen euskal etxeak bultzaturik eta Argentinan hiriko Tenaglia turismo enpresak antolatuta eta Euskal Herrian Euskotour-ek, Saladilloko euskal jatorrizko familiei eta oro har Euskal Herria ezagutu edo berriro bisitatu nahi dutenei dago zuzenduta proposamena. Hori dela eta, bidaiaren helburua da Pirinioetako bi aldeetako paisaiekin gozatzea baina batez ere Argentinako euskal diasporan faltan botatzen den euskal giro horrek inguratuta aste bi pasatzea.
Bidaiariak Euskal Herri osoan ibiliko dira, Ipar zein Hegoalde, kostaldeko zein barnealdeko herrixkak ezagutuz. Hiriburuak ere bisitatuko dituzte, tartean Bilbo, Donostia, Gasteiz, Iruñea eta Baiona, eta baita bestelako gune turistikoak ere, besteak beste Zugarramurdiko leizeak eta Santimamiñeko kobak, Gernikako Juntetxea eta Gaztelugatxeko Doniene. Eta Euskal Herriko gastronomia eta edariak hain ezagunak direnez, dastaketak eta upeltegi eta sagardotegietarako bisitak ere badaude egitarauaren barruan (Eskatu ibilbide osoa, hemen).
Bidaia 2016ko apirilaren 26an hasiko da, taldea Bilboko aireportura iristearekin batera, eta maiatzaren 10ean bukatuko. Prezioari dagokionez, U$D 2964 da (gehi zergak), hegazkin txartelik gabe. Erreserbak azaroaren 15era arte egin ahal dira eta kuotatan ordaindu ahal da banku guztietako txartelekin. Kontsultak e-postaz (novedades@tenagliaturismo.tur.ar) edota telefonoz (02344-432952) egin daitezke. Itxaropen euskal etxetik jakinarazte dute instituzioko lehendakari ohi Silvina Bordenave joango dela taldearekin laguntzaile, eta Euskal Herriko bidaia-antolatzailea Euskotour dela.