euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskal Herria bisitatu nahi? Gure Txokoa Euskal Etxearen zozketan parte hartu eta saia zaitez!

2017/06/02

Gure Txokoaren laguntza bonoak
Gure Txokoaren laguntza bonoak

PUBLIZITATEA

Cordobako Gure Txokoak Euskal Herrira joateko txartel bat zozketatuko du irailean eta zozketan parte hartzea oso erraza da. Euskal Etxeak kaleratutako 1000 pesoko laguntza bonoak erosi behar dira, 200 pesoko kuotetan. Irabazteko aukera handiak daude "zeren eta 150 bono baino ez baitira kaleratuko". Berri honekin batera Gure Txokoa Euskal Etxeak jakinarazi du uztailean San Inaziori buruzko hitzaldi bat antolatu eta San Fermin eta San Inazio egunak ospatuko dituztela.

Cordoba, Argentina. Cordoba hiriburuko Gure Txokoak kanpaina bat abiarazi du erakundearen gastuei aurre egiteko dirua biltzeko asmoz. 1000 pesoko 150 laguntza bono plazaratu ditu eta erosten dituztenen artean Euskal Herrira joateko hegazkin txartel bat –joan etorria, Cordoba, Bilbo, Cordoba– zozketatuko du. Erosteko erraztasunak ere ipini dituzte; bonoa 200 pesoko bost kuotatan ordain daiteke, eta behin bost kuota horiek ordainduta zozketa bat egingo da bonoak erosi dituztenen artean. Irabazleak bidaia egin nahi ez badu, txartelaren dirua eskatzeko aukera izango du.

Bigarren sari bat ere egongo da: Pablo Picassoren Guernica koadroaren kalitate handiko erreprodukzio bat; eta hirugarren, laugarren eta bosgarren irabazleei bono osoaren dirua itzuliko zaie. Zozketa irailaren 17an egingo da, Euskal Etxeak antolatuko duen bazkarian. Informazio gehiago eskatzeko edota bonoa erosteko, Gure Txokoarekin jar zaitezke kontaktuan centrovascocordoba@gmail.com helbidean.

EuskalKultura.com-ekin hizketan Euskal Etxeko lehendakari Alejo Martin poz-pozik agertu da proposamenak orain arte jaso duen arrakastagatik: “Ehun bat bono saldu ditugu dagoeneko, beraz ez dira gehiegi geratzen. Bertako jende askok erosi du, Cordobakoak, baina baita kanpoko euskal etxe batzutakoek ere. Bildutako dirua Euskal Etxeak garatzen dituen aktibitateen gastuei aurre egiteko erabiliko dugu; eta baita egoitzan egin behar diren konponketa batzuk berdintzeko ere”, azaldu digu Martinek.

Datozen hilabeteetan egingo diren ekintzei dagokienez, lagun arteko hurrengo bazkaria ekainaren 11n izango da. Euskal Etxean erreki argentinar tipiko bat partekatuko dute. Uztailerako, berriz, Loiolako San Inaziori buruzko hitzaldi bat prestatu dute eta uztailean Sanferminak eta San Inazio eguna ere ospatuko dituzte.

Euskara klaseak ere eskaintzen ditu Euskal Etxeak, Maddalen Aristegi oiartzuarraren eskutik. Bi talde osatu dira aurten, hasi berriak (ostegunetan 17etatik 18:30etara) eta aurreratuak (18:30etatik 20:15etara).



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia