Arrecifes, Argentina. Mariana Dominé Irigoyen arrecifestarrak datorren urteko ekainean gauzatuko den ‘Euskal Herria 2023 Tourra: bidaia Euskal Herriaren erraietara’ren data iragarri eta xehetasunak eman ditu. Datorren larunbatean, Arrecifeseko euskal etxeko lehendakariorde eta bidaiaren antolatzailea Buenos Aires Celebrako 40. postuan izango da eta informazioa emango die aspaldian arbasoen herri edota familiaren baserri, bertako zapore eta paisaiekin ametsetan ari direnei, edo, besterik gabe, turismoa egiteko asmotan, Euskal Herrira joan nahi dutenei.
"Ni harro eta hunkituta sentitzen naiz hainbeste maite eta baloratzen dudan Euskal Herria ‘aurkitzen laguntzen’ dudanean. Bidaia bakoitzean esperientzia berritzen da, eta bakoitzean, ziur nago, bidaiaria behin-betiko markatuko duen bizipena izango dela. Ez da bidaia soil bat izango pasaportean, esperientzia oso bat baizik. Hori bai, kontuz! Izan ere, behin egin ondoren, errepikatu eta errepikatu nahi izango baituzu!’ aitortu dio Marianak, barrez, euskalkultura.eus-i.
Irteera 2023ko ekainaren 12rako iragarri da, Ezeizako aireportutik (Buenos Aires), eta bidaia emozioz beteriko 17 egunekoa izango da. Egun horietan, zazpi lurraldeetako leku enblematikoak bisitatuko dituzte. Laster online hitzaldia emango dute antolatzaileek eta, interesa duten pertsonen arabera, azalpenak emateko hitzaldiak ere eskainiko dituzte hala eskatzen duten euskal etxeetan.
Xehetasun gehiago nahi izanez gero idatzi: mdomine2002@hotmail.com helbidera edo whatsappa bidali (+54) 2478-498361 zenbakira.