euskal diaspora eta kultura
2013/02/04
PUBLIZITATEA
Boise, Estatu Batuak. Bidaia joan den ostiralean hasi zuten Asier Vallejok eta bere zuzendaritzako teknikari den Benan Oregik eta Utah estatuko Salt Lake City eta hiri horretan NABO Ipar Ameriketako euskal etxeen federazioak antolatutako 'Udaberriko Bilkura' izan ziren helburua (ikus bilera horretako xehetasunak aste honetan EuskalKultura.com-ek argitara emango duen artikulua).
Jakina denez, Argentinarekin batera Estatu Batuak dira munduan euskal komunitate gehien dauzkan herrialdea eta, NABOk urtean behin bere euskal etxe guztiak deituz egiten dituen bilera hau izan da bi herrialde hauetako hainbat euskal etxeren bilgune izanik izendapenaren ondoren etorri den lehena, hori NABO federazioa bere 40. urteurrena ospatzen ari den urtean eta New Yorkeko Eusko Etxeak, AEBetako zaharrenak, bere Mendeurrena ospatuko duen urtean.
Salt Lake Cityren ondotik, gaur Renon da Asier Vallejo Nevada-Renoko Unibertsitateko (UNR) Euskal Ikasketa Zentroko (CBS) buruzagiekin eta Nevada estatuko agintariekin biltzeko. Gaur arratsaldean, berriz, Idahora abiatuko da. Bihartik aurrera, oso agenda hestua segituko du Boisen, hiriko eta estatuko agintariekin bilduz (tartean gobernadoreordea, estatu-idazkaria eta hiriko alkatea) eta bertan ugariak diren euskal talde eta elkarteetako ordezkariekin ere batuz (BSU Unibertsitateko Euskal Ikasketa Zentroa, Euskal Museoa, Ikastola, Cenarrusa Zentroa, Euzkaldunak euskal etxea...).
Hiriburu idahotarrean baita ere "Arrantza Returns Home" ikuskizunaren lekuko izango dira. Ez da ahaztu behar, bestalde, Gernikarekin senidetua den Boisen bulegoa zabalduko duela datozen aste edo hilabeteetan Eusko Jaurlaritzak Asier Vallejo buru duen Zuzendaritzaren bidez, irekitze hori azken tramite administratiboen zain besterik ez dagoela.
Boisetik, Asier Vallejo eta Benan Oregi New Yorkera abiatuko dira eta bertan, Etxeorratzen Hiriburuan Eusko Jaurlaritzak duen Ordezkaritza bisitatu --bertako kide den Noemi Gonzalo-Bilbao Salt Lake Cityko bileran bildu zitzaien iragan asteburuan-- eta aurten 100 urte bete eta urtean zehar baina partikularzki urriaren 12aren ingururako antolatzen ari den egitarau berezi batez ospatu behar duen 'Euzko Etxea of New York'eko Zuzendaritza berritu berriarekin bilduko dira, Aitzol Azurtza elkarteko lehendakari, astelehenean Euskal Herrirako bidea hartzeko.
New Yorkeko 100. ureturrena dela eta, ondo joan bekizue Aitzol eta Asier. Biei eskuminak,
MariJoxe, 2013/02/04 12:35
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus