euskal diaspora eta kultura
2012/03/07
PUBLIZITATEA
Vitoria-Gasteiz. Atzoko eguna estreinekoa izan zen euskal etxeen ordezkariei dagokienez bederen, Euskal Gizataldeen Aholku Batzordeko bilera batean lehenengo aldiz parte hartu baitzuten zeregin horretarako azaroan eginiko Gizataldeen Mundu-Batzarrean hautatuak izan ndoren. Egia esan, ez eurentzat bakarrik, iaz udal eta foru hauteskundeak izan zirela-eta, foru aldundien eta udalek ere berrituak baitzituzten ordezkariak, berez "Lehendakariaren Gizataldeekiko Harremanetarako Aholku-Batzordea" izena duen honetan.
Legez, Lehendakaria da --edo Lehendakariak bere ordezkari izendatzen duen pertsona-- Aholku-Batzordeko buru. Berarekin batera kide dira Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia buruorde gisa eta Kanpoko Euskal Herritarrentzako eta Gizataldeentzako zuzendaria, eta Jaurlaritzako honako sail edo alorreko ordezkari bana: Kultura, Turismoa, Lana, Gizarte Segurantza, Hezkuntza, Etxebizitza, Ogasuna, Industria eta Merkataritza. Hauekin batera, foru aldundietako ordezkari bana, udalen izenean EUDELeko ordezkari bat, Legebiltzarreko bi, eta bana EHUko eta Euskaltzaindiko. Munduko euskal etxeek hiru ordezkari dauzkate, Mundu-Batzarrak hautatuak eta Lehendakariak izendatuak. Legez, gutxienez urtean behin behar du bildu.
Bilera Guillermo Echenique Kanpo Harremanetarako idazkari osoa buru egin zen.
Ez zuen berez bileran parte hartu baina aurretik Lehendakariak euskal etxeen hiru ordezkariak hartu eta agurtu zituen, Guillermo Echenique idazkari nagusia eta Julian Celaya Herritar eta Gizataldeetako zuzendaria lagun.
Goizeko hamarretarako deitua zen bilera eguerdiko ordu batak arte luzatu zen. Mundu-Batzarrak onartutako konklusioak eta hauei buruzko iruzkin, galdera eta zehaztapenak izan ziren elkarretaratzeko gai nagusia. Konlusioekin eta horiei buruz egindako ekarpen eta zehaztapenekin Lau-Urteko Plan zirriborro bat egin eta hilabete baten buruan Batzordeko kideei bidaliko zaiela onartu zen.
Gobernuaren aldetik azpimarratu zen "euskal etxeei laguntzen jarraitzeko engaiamenduari eusten zaiola, egungo kinka larrian ere" eta dakartzan lanak direla eta denbora hartuko badu ere "xinpletuko dela dirulaguntzen kudeaketaren prozesu administratiboa".
Gonbidatu gisa, Mundu-Batzarrean agertu zuena laburbilduz, Deustuko Unibertsitateko Pedro Oiartzabal mintzatu zen, Jaurlaritzaren enkarguz Kanpoko Herritarrekiko eta haiek etxeratzatzen direnean eman beharreko arretaz egin zuen ikerlana eta konlusioetan proposatutakoak jendaurretuz. Aldaketa sakonak proposatu edo galdegin zituen Oiarzabalek, momentu batean Euskadik gizataldeen gaian izan zuen aitzindaritza eta lidergoa azken urteotan erabat joana dela esanez, berak zuzendutako ikerlanak islaturiko zenbakiek argi baiote, alderatuz, askoz baliabide eta arreta handiagoa eskaintzen dietela Andaluzia, Galizia, Madril edo beste zenbait autonomiek kanpoan dauzkaten euren herritarrei ez eta Euskadik, etxeratutakoak edo kanpoan bizi ondoren etxera etorritakoak bereziki barne, Euskadik gai horretan ez baitu batere garatu legea. 'Lehiatil bakarra' edo bulego edo egitura administratibo eraginkor bat moldatzea proposatzen du Deustuko Unibertsitateko azterketa honek.
Bestela, internet eta teknologia berrien erabilpena eta bilera fisikoen ordez teknologia bidezko bilkurak ahalik eta eraginkorren erabiltzea aipatu zen; bira kulturalen gaia (egoera ekonomikoa dela-eta, aurten aurretik engaiatutako proposamen itxiak baino ez dute aurrera egingo esan zen, bestalde) eta programa hori beste era batera antolatzea; Gaztemundu, honi buruzko bideo batek zabaldu zuelarik bilkura, azken edizioko gazteen iritziak bilduz.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus