euskal diaspora eta kultura
2011/11/03
PUBLIZITATEA
Donostia-San Sebastián. Patxi Lopez lehendakariak atzo arratsaldeko zazpietan inauguratu zuen ofizialki Euskal Gizataldeen 5. Mundu-Batzarra. Donostian ari da ospatzen batzarra, aurretik hiru aldiz Gasteizen eta behin Bilbon egin ostean.
Lehendakariak Diasporaren garrantzia azpimarratu zuen eta bera gabe Euskadi nekez uler daitekeela esan zuen. Kanpoko euskaldunak gure nazioarteko "historia eta lotura" direla azaldu zuen, euskal irudia munduan zehar zabaltzen dutelako eta "enbaxadorerik onenak" direlako. Lópezek poza agertu zuen Euskadiko egoera berria dela eta, ETAren "harri pisua" gainetik kendu eta gero. Lehendakariak orain Euskadiren irudia munduan zehar biolentziari lotua egon ordez "kalitateari, lehiakortasunari eta berrikutzari" lotua egon dadin eskatu zuen.
Ekitaldian euskal etxe aitzindariei omenaldia egin zitzaien eta diploma jaso zuten mendeurrena ospatzekotan diren zenbait euskal etxek, Buenos Aireseko Laurak Bat elkarte beteranoa (134 urte) buru zelarik.
William A. Douglass antropologo estatubatuarrak eman zuen inaugurazio hitzaldia. Aurretik ere lan horretan jardutakoa da Douglass, berak eman baitzuen lehen hitzaldia aurreko beste hiru ediziotan. Atzoko hitzaldian Douglassek atzerabegirakoa egin zuen eta aurreko hitzaldietan proposatutako neurriak eta egitasmoak gogora ekarriz, 1995ean egin zen lehendabiziko Mundu-Batzarretik hona egindako aurrerapausuak izan zituen mintzagai. Diasporatik bidalitako bideo sorta bat erakutsi zen saioan eta ondoren 'Ameriketara joan nintzan' kantuan oinarritutako musika ekitaldia egin zen.
Arratsaldez ere egin zen Mielanjel Elustondoren "Mr Basque" liburuaren aurkezpena. Lana William Douglassen biografia da eta Pamiela argitaletxeak plazaratu du gazteleraz. Aurkezpena mahainguru batean egin zen: Guillermo Echenique, Kanpo Ekintzarako idazkaria, izan zen moderatzailea eta hizlarien artean Gregorio Monreal, Alfonso Pérez-Agote, Joseba Zulaika, Mielanjel Elustondo eta Bill Douglass bera izan ziren.
Baina Batzarreko saioak goizeko bederatzietan hasi ziren Kursaal Jauregiko hiru aretotan eta Diasporarekin harremana duten Eusko Jaurlaritzako sail eta erakundeek parte hartu zuten. Horietako batzuk izan ziren Kanpoko Herritarren eta Euskal Gizataldeentzako Zuzendaritza, Kanpo Ekintzarako zuzendaritza, Kultura saila, eta bereziki aurkezpenak egin zituzten Etxepare Euskal Institutua eta HABE.
-Gaurko Programa, hemen.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus