euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskaldunentzat esangura berezikoa den apiril honetan, 'Gernika Astea' eratu du Buenos Airesko Laurak Batek

2012/04/03

Laurak Bat euskal etxean dagoen Gernikako kimua (argazkia 'La ruta de Gernika' bloga)
Laurak Bat euskal etxean dagoen Gernikako kimua (argazkia 'La ruta de Gernika' bloga)

PUBLIZITATEA

135. urtemugaren urtean, ekintzez betetako egitaraua proposatuko dio apiril honetan Buenos Aireseko Laurak Bat euskal etxeak komunitateari, izan Belgrano kaleko egoitzan ala hiriburuko beste instituzio adierazgarri batzuetan, hala nola Recoletako Kultur Gunean eta Buenos Aireseko Unibertsitateko Zuzenbide Fakultatean. Gernikako bonbardaketaren 75. urtemuga betetzen den hil honetan, honako deia egiten du Laurak Baten barne buletinak: “Gernika Astean, biktimen memoria, indarkeriaren kontrako aldarrikapena eta justizia izango ditugu gogoan”. Testuinguru honetan, oroitzapen eta hunkidura bereziko apirila iragarri dute Laurak Bat-ekoek.

Buenos Aires, Argentina. Euskal etxeko barne komunitatea eta oro har Buenos Aires hiriko lagun guztiak daude gonbidatuta apirilean Laurak Bat euskal etxean gauzatuko diren ekintzetara, programan, dudarik gabe, Aberri Eguna eta Gernikako Bonbardaketaren 75. urtemuga direlarik oihartzun zabalena izango dutenak. Apirilean ere erakundeko Ohiko eta Ezohiko Bilkura Nagusiak burutuko dira, euskara klaseak hasi, eta Itziar Aguirre sukaldariak aurrera daraman ‘Pilpileando’ programarekin batera, eskolako materiala bilduko da. Hona programa:

-Apirilaren 21era arte: eskolako material bilketa solidarioa
-Apirilaren lehenengo astean: euskara eskolen hasiera
-Apirilaren 13an, elkarte barruko Mus lehiaketa Txapelketa nazionalari begira.
-Apirilaren 14an, iluntzeko 8:30etan, “Zergatik kontatzen dugun galdetuko duzu” narrazio ikuskizuna
-Apirilaren 14an, gaueko 9:30etan, Aberri Eguneko afaria eta dantza ikuskizuna
-Apirilaren 21ean, arratsaldeko 6:00etan, omenaldia Gernikako herriari, Laurak Bat euskal etxe barneko kimuaren ondoan
-Apirilaren 21ean, iluntzeko 7:00etan, elkartearen Ohiko eta Ezohiko Bilkura Nagusiak
-Apirilaren 22an, arratsaldeko 4:30etan, Gernikari buruzko zinea, Recoletako Kultur Gunean, Junin kaleko 1930. zenbakian
-Apirilaren 26an, goizeko 11:30etan, Laurak Bat euskal etxea ezagutzeko bisitaldi gidatua. “Gernikako kimua, Buenos Aires hiriko lagunei irekia” izenpean burutuko den ekintza hau hiriburuko Udaleko “Buenos Airesko auzoek euren ateak irekitzen dituzte” programaren baitan gauzatuko da
-Apirilaren 26an, iluntzeko 19:00etan, “Gernika: egia, justizia eta bakeari buruzko mahai-ingurua”. Koordinatzailea: Iñaki Anitua Laurak Bateko kidea. Partaideak: Madres de Plaza de Mayo elkarteko sortzaile eta kidea den Nora Cortiñas, Unibertsitateko Zigor Zuzenbide departamentuko zuzendaria den Lucila Larrandart, Ricardo Rabinovich Berkman Zuzenbide Historia irakaslea eta Raul Zaffaroni Zigor Zuzenbide irakaslea

-Xehetasun gehiago erakundearen idazkaritzan, secretaria@laurakbat.com.ar



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia