euskal diaspora eta kultura
2014/05/28
PUBLIZITATEA
Buenos Aires, Argentina. Euskal Herriari begira baina euren inguruari bizkarra batere eman gabe, bi herrien kulturak batzen dituzte Argentinako euskal etxeek. Horren isla joan den igandean burututako ekitaldietan ikus daiteke. Izan ere, euskal gizataldeak leku garrantzitsua izan du Maiatzaren Iraultzaren urteurreneko festetan hainbat lekutan. Hona hemen Arrecifesen, Buenos Airesen, Chacabucon, Cordoban, Mar del Platan, Necochean eta Saladillon gauzatutako ospakizunen berri.
[Urtero bezala, aurten ere hartu dute parte Arrecifeseko Euskaldunak Denak Bat-eko kideek herriko ekitaldi ofizialetan. Goizean, Udaletxera bertaratu ziren euskal etxeko lagunak herriko agintariekin biltzeko; ondoren, Tedeum-ean izan ziren, San Jose de los Arrecifes Parrokian, eta bukatzeko eta beste hainbat erakunderekin batera, kabalkadan desfilatu zuten. Eguerdian, Merlo izeneko gunean, dilistak eta txoripanak eskaini zituzten euskal sukaldaritzaren standean (argazkiaEE)]
[Buenos Aires hiriburuan "Las colectividades celebran la patria" (gizataldeak aberria ospatzen) delako jaialdiaren 3. edizioa burutu zen maiatzaren 25ean, Caseros etorbidean. Festa honetan Laurak Bat euskal etxea izan zen euskaldunen ordezkaria eta janari tipikoekin eta musikarekin ez ezik, buruhandi eta erraldoiekin ere ordezkatu zuten hiriburuko euskaldunek Pirinioen magaleko herria (argazkia Colectividades Bs As)]
[Buenos Airesen ere baina Lizarraenean, afari ederra partekatu zuten Mexiko kaleko etxera bertaratu ziren lagunek. Eta afaltzeaz gain, dantza ere egin zuten. Aitor Alavak zuzenduta, edade guztietako dantzariak animatu ziren euskal koreografiak egitera (argazkia EE)]
[Cordoba probintziako Gobernuak gonbidaturik eta publiko ugariren aurrean, Gure Txokoa-ko kideak izan ziren ikurrina eramateko arduradunak Iraultzaren urteurreneko ekimeneko kabalkadan. Cordoba hiriko euskal etxe honetatik jakinarazi dutenez, txalo zaparrada jaso zuten euskal etxeko kideak palko ofizialaren aurrean pasatzean (argazkiaEE)]
[Eta ekainaren 20an 25 urte beteko dituen Chacabucoko Guillermo Larregui euskal etxeko kideak ere izan ziren euren herriko jaialdiko protagonista. Jantzi tipikoez jantzita, hiriko kaleetan desfilatu ziren ikurrinak eta bandera argentinarrak eskuetan (argazkiaEE)]
[Mar del Platako Denak Bat-en, berriz, Maiatzaren 25aren bezperan ospatu zuten. Euskal etxeko lagunak instituzioko egoitzan bildu ziren Beti Alai taldeak prestatutako pintxoez gozatzera (argazkiaEE)]
[Buenos Aires probintziako kostaldetik hegoaldera jarraituz, Necochean ere ospatu zen, maiatzaren 24ko gauean. Afalostean, abesti batzuk inprobisatu zituzten gonbidatuek gitarrak lagundurik (argazkiaEE)]
[Saladilloko ekintza ofiziala igande goizean egin zen eta hiriko agintariak eta publiko ugaria bildu zituen. Erakundeen ilaretan eta banderen artean ikurrina ere ikusi ahal izan zen, Itxaropen euskal etxeko lagunen eskutik. Aipatzekoa da joan den otsailean euskal etxearen ordezkari Inauterietako erregina bihurtu zen Marile Negri ere partaide izan zuela euskal etxeko ordezkaritzak (argazkiaEE)]
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus