euskal diaspora eta kultura
2013/10/22
PUBLIZITATEA
Buenos Aires, Argentina. Oso egun aktiboak izan dituzte Euskaltzaleak-eko lagunek pasa den astean. Ostegunean, Euskal Bitxiginzari buruzko tailerra antolatu zuten eta ostiralean, euskal musika tresnen tailerra eskaini, biak publiko orokorrari irekita. Larunbatean, berriz, Buenos Aireseko I. Triki-poteoa burutzea izan zen biltzeko aitzakia.
Ibilbidea Euskaltzaleak-en egoitzan hasi zen, bertan muntatutako tabernan. Tragoa hartu ondoren, aldez aurretik adostutako zirkuituari ekin zioten lagunek: B. de Irigoyen kaletik Estados Unidos kalera, Estados Unidosetik Defensara eta kale honetatik Dorrego Plazara. Ehun bat partaide bildu ziren Buenos Aireseko euskaltegiaren proposamenean parte hartzera, tartean eskoziar gizataldeko ordezkariak, San Miguelgo Askatasunaren Bidea Elkarteko kideak eta La Platako Unibertsitateko Irakurlegoko ikasleak, Idurre Lekuona irakaslea lagun.
[Behin partaide guztiak bilduta, dantza egitera animatu zuten dantzariek publikoa. Lehenengo dantzak Euskaltzaleak-en egoitzaren aurrean gauzatu ziren (argazkiaEE)]
[Euskal etxeko musikariek jarri zieten zuzeneko musika Triki-poteoko dantzei, kantuei eta ibilbide osoari (argazkiaEE)]
[Kalejiraren erritmora, triki eta panderoek gidatu zuten koadrila San Telmoko kaleetatik (argazkiaEE)]
[Triki eta panderoek ez ezik, albokek ere alaitu zuten Buenos Aireseko iluntzea. Albokari argentinarrei esker, soinu ezohikoa entzun ahal izan zuten hiriburutarrek (argazkiaEE)]
[Joan den irailean Immigranteen Hotelean burututako Gizataldeen Jaian, eskoziarrek eta euskaldunek ekintzaren bat elkarrekin antolatzeko asmoa adierazi zuten. Triki-poteoan, Eskoziako gaitak, biolina eta gitarra, Euskal Herriko tresna eta dantzekin nahastu ziren (argazkiaEE)]
[Euskal Herriko poteoaren estiloari jarraituz, ibilbideko tabernetan gelditu ziren lagunak trago bat edatera. Potea hartzeaz gain, dantza egiteko aukera ere izan zuten dantzariek eta dantza egiteko gogoa zuten guztiek. Korroan, fandangoak, arin-arinak eta Zazpi Jauzi izan ziren aukeratutako koreografiak (argazkiaEE)]
[Dantzak eta dantzariak nabarmendu ziren tabernetan eta baita kalean ere. Auzokoek eta oinezkoek gozatu ahal izan zuten ikuskizunaz (argazkiaEE)]
[Dorrego Plazna egin zen ibilbideko azken geldialdia eta emanaldi labur bat. Musikari eskoziarrek Sean Ryan-en Polka jo zuten dantzariek dantza zezaten. Dorrego Plazatik, koadrila etxera bueltatu zen beti ere musikaren konpasean (fotoEE)]
[Behin euskal etxean, jaia ordu txikiak arte luzatu zen. Aurreko soinuei txalapartarena gehitu zitzaien. Afaltzeko garaian, kalimotxoak eta etxeko sukaldariek momentuan prestatutako taloek oso harrera ona izan zuten gonbidatuen artean (argazkiaEE)]
[Argazkian eta laburpen gisa, Buenos Aireseko I. Triki-poteoaren beste irudi batzuk (argazkiaEE)]
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus