euskal diaspora eta kultura
2012/06/26
PUBLIZITATEA
Londres, Ingalaterra. Melody Adams eta Nemanja Borjanovic ez dira euskaldunak, baina euskal gastronomiaren enbaxadore bihurtu dira Londresen. Melody ingelesa da eta Nemanja serbiarra, eta hainbat hilabeteko lanaren ondoren Donostia jatetxea ireki dute hirian, zehatzago Marylebone auzoko Seymour Place-kaleko 10. zenbakian.
Duela hiru urte hasi zen dena: bikoteak Arabako Guardia herriko upategi batzuetara bidaia egin zuen (inportazio enpresa bat dute, www.mountainvalleywines.co.uk) eta bidean liluratuta gelditu ziren euskal gastronomiarekin. "Hamazortzi orduz etengabe gidatu ondoren, Donostian gelditzea erabaki genuen, Melodyk bertako jatetxeei buruzko artikuluren bat irakurria zuelako", azaldu dio Nemanjak EuskalKultura.com-i. "Txunditu egin gintuen gastronomiak eta kulturak zeukaten harreman estuak, kalitate mailak eta zaporeak", aitortzen du.
Izenak erakarri
Hurrengo hilabeteetan bikotea beste bederatzi aldiz bueltatu zen Euskal Herrira eta lagunak eta kontaktuak egin zituzten sukaldaritza munduan. Azkenik, hasieran txantxetan esaten zutena gauzatzea erabaki zuten: gastronomia kontzeptu hau, sukaldaritza sinplea baina kalitatezko osagaiekin eta mimoz eta arduraz egina, Londresa ekartzea.
Ideiak forma hartu du Donostia jatetxean eta jabeen esanetan izenak "gustukoa duguna eta izan nahi duguna" laburbiltzen du. Horrez gain izen erakargarria dela aitortzen dute: "askok ez dakite zer esan nahi duen, baina dakitenak jakinminak erreta etortzen dira geurera".
[Sukalde irekiari esker jantokiko bezeroek platerak nola prestatzen diren ikus dezakete (argazkia Donostia)]
Bakailaoa errege
Sukaldaria aukeratzea izan da proiektuko lanik zailenetako bat eta jabeek Tomasz Baranski aukeratu dute. Baranski Londresko Barrafina jatetxean aritu da eta Donostia ireki aurretik sei asteko ikastaro trinkoa egin zuen Donostiako Urepel eta A Fuego Negro jatetxeetan, teknika berriak ikasteko.
Arduradunen esanetan, Donostiako plateren artean arrakasta handia du Bakailaoak Pil-pil erara eta pintxoek, bereziki Olagarroa Euskal Marinadarekin, Otarrainxka Tenpura urdaiazpikoarekin edo kroketak bezalako jaki sinple baina tentagarriek.
Euskal produktuak
Jatetxearen sekretuetako bat Euskal Herritik ekarritako lehen mailako produktuak erabiltzea da: besteak beste, Idiazabal gazta, Getariako Agerre txakolina, Bereziartua sagardoa eta nola ez, Arabako Landaluze upategietako ardoak, izan ere lehenengo bisita hartan horiexek probatzera joan baitziren Melody eta Nemanja Euskal Herrira.
Jatetxea astelehenetan eta astearte eguerditan ixten dute. "Oraindik sukaldari talde txikia dugu eta chef gehiago behar ditugu", gehitzen du Nemanjak.
-Informazio gehiago, jatetxearen webgunean: www.donostia.co.uk
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus