euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskal gaiei buruzko jakinmina Brasilen, Uruguaiana hiriko Euskaldunen Ondorengoen Topaketan

2014/10/08

Uruguaiana hirian Euskaldunen Ondorengoen 1go Topaketan parte hartu zuten lagunetako batzuk (argazkia RGS EE)
Uruguaiana hirian Euskaldunen Ondorengoen 1go Topaketan parte hartu zuten lagunetako batzuk (argazkia RGS EE)

PUBLIZITATEA

Rio Grande do Sul estatu brasildarreko Euskal Etxeak topaketa egin zuen joan den asteburuan Uruguaiana hirian, Brasil, Argentina eta Uruguairen arteko mugatik gertu. Bilkuraren helburua inguru hauetan euskal kulturaren berri zabaltzea zen, bertan badelako euskaldunen ondorengo ugari, nahiz eta askok euren jatorriaren berri ez izan. Topaketak arrakastatsua izan zen eta bertan bildutako lagunen gogoak eta engaiamenduak erakutsi zuen Uruguaianan badela lagun talde zabal bat euskal kulturaren alde lan egiteko.

Uruguaiana, Brasil. Rio Grande do Sul Euskal Etxeak Uruguaiana hirian duen lantaldeak antolatu zuen Brasilgo Mendebaldeko Mugako Euskaldunen Ondorengoen 1go Topaketa hau eta deialdiak erantzun oso ona izan zuen, elkarteko iturriek azaldu dutenez. Bilkura Uruguaianan egin zen, hiriko Expoferia azoka garrantzitsua egiten ari zela, Nekazaritza eta Abeltzantza Parkearen baitan.

Bilkura antolatu zuen taldeko partaide ziren Gregório Beheregaray, Paulo Henrique Inda, Gizele Ustra Zubiaurre, Vifran Tellechea eta Beatriz Tellechea Clausell. Eta hiri kanpotik euskal etxeko presidentea, Ana Luiza Etchalus Paniagua ere bildu zen, besteak beste.

Argentinatik etorritako gonbidatu talde berezi bat ere izan zen: Parana hiriko Urrundik elkarteko dantzariak. Erakustaldi bikaina eskaini zuten argentinarrek, eta horrez gain, bilkuraren osteko bazkaria ere girotu zuten, euren kanta eta umore onarekin. Hauek ziren Argentinako ordezkaritza artistikoko partaideak: Enzo Alcain, Agustín Borrás, Gastón Gillaume, Stefania Grasso, Dana Villanueva, Josefina Galván eta Ivana Alcain.

Dantza erakustaldiaz gain, hitzaldiak ere iosatu zuten eguneko egitaraua. Batetik, RGS Euskal Etxearen presidente Ana Luiza Etchalusek Brasilgo euskal historiari buruz hitz egin zuen eta, bestetik, Gregório Beheregaray eta Adriano Echevarne albaitariek bertako euskal artzainen ohitura eta teknikak aipatu zituzten. Hitzaldien ostean bazkarira bildu ziren partehartzaileak eta lagunarteko giro ederran amaitu zuten topaketa, gogoak eta ekimena goian pauso berriak emateko Rio Grande do Suleko jardunean sakontzeko Uruguaiana hirian.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia