euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskal filmeak ikusgai gaurtik aurrera Bogotan Kolonbiako 7. Euskal Astearen barruan; gaur 'Ama Lur'

2010/09/06

'Lucía y el sexo', Julio Medem donostiarraren filma, ostegunean izango da ikusgai
'Lucía y el sexo', Julio Medem donostiarraren filma, ostegunean izango da ikusgai

PUBLIZITATEA

Kolonbiako euskal komunitatea bete-betean sartu da jada bertako VII. Euskal Astean eta atzoko irekiera jaialdiari Euskal Zine Erakustaldiaren lehendabiziko emanaldiak batuko zaizkio gaur. Euskal laburmetraia sorta bat eta 'Ama Lur' filma baitaratzen ditu gaurko programak eta datozen egunetan 'Euskal pilota', 'Lucía y el sexo', 'Días contados' eta 'Tasio' bezalako filmeak izango dira protagonista. Emanaldiak Bogotako Unibertsitate Nazionalean eta Euskal Etxean egingo dituzte.

Bogota, Kolonbia. Bogotako Euskal Etxeak eskainita, Kolonbiako euskal komunitateak eta interesa duen edonork euskal zineman sakondu eta lau euskal zuzendari ezagunen lanak ikusteko aukera izango dute, gaurtik hasi eta datorren larunbata arte. Erakustaldia aurtengo Kolonbiako Euskal Astearen barnean antolatu dituzten ekitaldien parte da.

Lehen emanaldia gaur bertan izango da, Bogotako Unibertsitateko Cinemateca aretoan. Eguerdiko 13:00etan hasi eta arratsaldeko 18:00ak arte eskainiko dute Nestor Basterretxeak eta Fernando Larruquert zuzendariek 1968an eginiko dokumentala. Horrekin batera azken urteetan ekoitziriko euskal laburmetraia sorta bat ere izango da ikusgai: 'Topeka' (Asier Altuna), 'Lepokoa' (Safy Nebbou), 'Amuak' (Koldo Almandoz), 'El gran Zambini' (Igor Legarreta-Emilio Pérez), 'Haragia' (Begoña Vicario), 'Columba Palumbus' (Koldo Almandoz), 'Txotx' (Asier Altuna), 'Hezurbeltzak' (Izibene Oñederra) eta 'Sarean' (Asier Altuna).

Laburmetraia hauek Kimuak Eusko Jaurlaritzaren promozio programaren parte dira eta Euskadiko Filmategiak ezagutzera eman nahi dituen zinemaldi, euskal etxe eta erakundeen eskura jartzen ditu doan. Kolonbiako Euskal Astearen barruan egunero izango dira ikusgai beste luzemetraien aurretik.

Datozen egunetako programa honakoa da:

-Osteguna 9: Julio Medem donostiarraren hiru film: 'Euskal Pilota', 'Lucía y el sexo' eta 'Caótica Ana'.

-Ostirala 10: Victor Erice zuzendari bizkaitarraren 'El sol del membrillo', 'El Sur' eta 'El espíritu de la colmena'.

-Larunbata 11: Montxo Armendarizen 'Secretos del corazón', Imanol Uriberen 'Días contados' eta Enrique Urbizuren 'Todo por la pasta'.

(Emanaldi guztiak Cinemateca aretoan, 13:00tan hasi eta 18:00ak bitartean)

Honez gain emanaldi berezi bat egingo da Bogotako Euskal Etxean ostiralean, Montxo Armendarizen 'Tasio' filmarekin.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia