euskal diaspora eta kultura
2008/06/12
PUBLIZITATEA
Donostia-San Sebastian. Euskadiko Filmategiak 2007 urteko oroitidazkia aurkeztu zuen atzo,
Gurutz Larrañaga Eusko Jaurlaritzako Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordeak, eta Mikel
Arregi Euskadiko Filmategiko zuzendari-gerenteak eman zuten prentsaurrekoan.
Iazko jardueraren balioespena baikorra egin zuten, Filmategiaren funtsek
dagoeneko formato desberdinetako bost milioi metro zinta
baino gehiago biltzen dituztela azpimarratuz. 2007an soilik, 167 laburmetrai,
bi erdi-metrai eta 185 luzemetrai jaso zituen Filmategiak.
Filmategiak dei berezia luzatu zien Euskal
Herriko eta Diasporako euskaldunei, etxean jasotako filme zaharrak erakundera
bidali eta ondare historiko honen kontserbazioan laguntzeko gonbitea eginez.
Nahiz eta jai edo ekitaldi pribatuak izan, askotan filme hauek euskaldunen
bizitzari buruzko informazio historiko eta antropologiko garrantzitsua
gordetzen dute. ‘Grabazio horiei esker jakin dezakegu nolakoa zen Euskal Herria
garai haietan, nola janzten ziren, nolakoak ziren euren jaiak, kaleak,
kotxeak... , azaldu zuen Arregik. ‘Gainera, sarri kamara aprobetxatu eta
familiaren irudiez gain herriko ekitaldiak ere grabatzen ziren, eta dokumentu historikoak aurkitu izan ditugu filme batzuetan’.
Digitalizazioa eta zaharberritzea
Filmategiak grabazio hauek digitalizatu egingo ditu eta jabeei DVD kopiak emango dizkie, jatorrizko materiala bertan gordeko delarik. Izan ere, funtsen digitalizazio prozesu garrantzitsua egiten ari da erakundeak, eta iaz 400 orduko artxibo historiko dokumentala digitalizatu zuten. Aurten beste hainbeste egitea espero dute arduradunek.
2007ko jardueren artean
Filmategiak bi zaharberritze ere azpimarratu zituen. Lehena Policarpo Fernández
Azkoaga jaunaren Bilbao? (1960) filmarena izan da. Bizkaiko hiriburuko
txabolei buruzko dokumentu hunkigarria da eta egun Guggenheim museoa dagoen
lekuan bertan. Beste zaharberritzea digitalki egin da. Kolorearen degradazioa
zela eta, Gente de mar (Carlos de los Llanos, 1957) film
laburra salbatzeko behar larria zegoen. Filmak hogei minutu irauten du, eta
Donostian egindako antxoaren arrantzari buruzko dokumentala da.
Informazio gehiago:
Euskadiko Filmategia-Filmoteca Vasca
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus