euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskal Filmategiak dei egiten die etxean filme zaharrak dauzkatenei bertara zaharberritzera ekar ditzaten

2007/06/04

'San Sebastián, novia de España' (1955) filmeko fotograma bat, berrituta (ezk) eta berritu aurretik
'San Sebastián, novia de España' (1955) filmeko fotograma bat, berrituta (ezk) eta berritu aurretik

PUBLIZITATEA

Aurkeztu berria du Euskadiko Filmategiak iazko bere balantzea. Euskal Herrian eginiko filmekin eta euskaraz edo euskal gaiez eginiko filmen ondarea gordetze lanetan ahalegin berezia ipintzen duen sostengu publikoko erakunde pribatu honek 541.020 metro film errezibitu zituen 2006an, orotara ia 5 milioi metro film-eko fondo edo funtsa osatzera iritsi delarik. Diasporako izenburu gutxi batzuk ere baditu Filmategiak. Aukera hau baliatuz, erakundeak dei egiten die Diasporako euskaldunei euskal gaiez zein euskaraz edota euskaldunek eginiko filme zaharrak badituzte, etxean egindakoak barne, Filmategira zuzen daitezen, ondare hori kontserbatua izan dadin, egoera txarrean dauden filmak hobetu, kopiak egin eta gordetzeko aukera ugari baitaukate gaur egun. Hona Xabier Martin kazetariak Peio Aldazabal Filmategiko zuzendari-zaintzaleari egin elkarrizketa, iragan larunbatean Berriak argitara ekarri zuena.
Filmategiaren funtsei buruz luze-zabal hitz egiteko ez du arazorik Peio Aldazabalek (Donostia, 1949). Bulegoa paperez gainezka dauka, eta bere gotorleku horretan pasioz kontatzen du azken hilabeteetan jaso dituzten dokumentu zaharren xehetasunak. «Edozeinek izan dezake etxean balio izugarriko filma», dio, eta, horregatik, etxeko film zaharrak Filmategira eramateko deialdia egin du.

-Euskadiko Filmategiak 29 urte bete ditu jadanik. Zer-nolako garaia du hau?

-Garai garrantzitsua. Elkarte kulturaletik fundaziora pasa gara, eta pauso handiak eman ditugu etorkizunerako. Puntako makinariaz hornitu gara, eta, gainera, inoiz baino film gehiago jaso ditugu, milioi erdi bat metro zeluloide inguru. Bere benetako neurria kontuan hartuta, etorkizunera begira jarri dugu Euskadiko Filmategia. Izan ere, egitura aldetik oso txikia da, baina funtsei begira, Espainiako Estatuko onenetakoa.

-Teknologian egin duzuen hornidurak digitalizatzeko pausoak emateko balioko du, ezta?

-Puntako materialarekin funtsak euskarri digitalera ekarriko ditugu gutxika. Lan itzela dugu aurretik, baina ezinbestekoa zen makineria hori etorkizunari bermez aurre egiteko. Lehentasunak jarriko ditugu prozesuan, jakina, eta euskal produkzioekin eta Euskal Herriari buruzkoekin hasiko gara. Gainera, dena indexatzen saiatu beharko dugu, fotogramaz fotograma film batean dauden irudiak ezagutzeko, urteak, pertsonaiak eta abar xehetasunez dokumentatzeko, eta, horretarako, historialarien laguntza beharko dugu. Ikerketak eta bestelako lanetarako izugarrizko abantaila ematen du horrek.

-Zer-nolako filmak jasotzen dituzue? Nork ekartzen ditu?

-Zinemarako egindako filmak eta film laburrak, eta partikularrenak. Film batek dagoeneko zineman berea eman duenean, banatzaileek kopia bat ekarri behar dute Jaurlaritzaren laguntza izan dutenean, baina izan ez dutenek ere ekartzen dute, badakitelako hemen primeran kudeatuko dugula film horrekin lotutako edozer, dela ziklo bat, dela atzera begirako bat; hemen beti izango dituzte behar dituzten kopiak. Ekoizleek ez dute ardura hori hartu behar; horretarako dago Filmategia.

-Ematen du lan handia egiten ari zaretela kontserbazio, filmen zaharberritze eta ikerketa arloan. Dibulgazioan, ordea, Euskadiko Filmategia ez da oso dinamiko agertzen gizartearen aurrean.

-Irudipen hori eduki dezake jendeak, baina ez da horrela. Filmategia ez da banatzailea, ez dauka zertan erakutsi behar. Filmategia ez da proiekzio aretoa; hori ikerketa eta berreskuratzeko prozesuaren azken pausoa izan daiteke, besterik ez. Filmategi baten helburua ez da erakusleiho izatea, eta, gainera, guk ez dugu proiekzio gelarik. Tabako Fabrikara joaten garenean izango dugu. Egoitza berriak izango du halakorik, eta, beharbada, proiekzio gehiago egingo ditugu. Hala ere, parte hartu dugu Nosferaturen John Huston, Joaquin Jorda, Antonio Mercero eta On Kixoteren zikloetan. Horretan parte hartzea jada luxu bat da, ez baitugu aretorik; ziklo batean, filmen kopiez gain, aretoak alokatu behar ditugu, eta aurrekontuak ez du gehiagorako ematen.

-Eta filmategian den proiekzio gela txikia?

-Hori irekita dago herritarrentzat; funtsak edozeinek ikus dezake, xedea behar bezala arrazoituz, ez euria ari duelako, esaterako. Hau ez da zinema areto bat. Adibide bat jarriko dizut: duela 25 urteko film batean figurante gisa atera zen batek film hori ikusi nahi badu, Filmategia zabalik du, eta filmaren kopia bat lor dezake halaber, ekoizleen baimena baldin badu. Nolanahi ere, beste edozein arrazoi dela medio etor daiteke jendea funtsak ikustera.

-Ongi ikusten duzu Filmategiaren egoitza berria Tabako Fabrikan jartzea?

-Bai, gure proiektuarekin bat datorrelako, gure beharrak asetzen dituzten espazioak izango ditugulako. Etorkizuneko lana behar bezala egin dezagun, funtsen artxiboa gurekin izan beharko genuke egoitzan; hori oso garrantzitsua da guretzat. Gauden lekuan gaudela, funtsak gurekin behar ditugu.

-Nola lortzen du Euskadiko Filmategiak finantzaketa?

-Filmategia fundazio pribatua da, baina ugazaba publikoekin. Zerbitzu publikoa ematen du eta Eusko Jaurlaritza arduratzen da arlo ekonomikoaz. Foru Aldundiak ere lagundu digu makinaria erosten.

-4.773.420 metro zeluloide dituzue gordeta. Dokumentu kuttunik ba al duzu halako funts kopuru erraldoiaren artean?

-Oso antzinako dokumentuak daude hemen, eta horiei badiet begirune berezia, baina badira dokumentu xumeak, eta horien artean ere badut kutunik. 1897ko Lumiere anaien dokumentu bat dugu, esaterako. Baina begira, edozein unetan herritar baten film bat irits daiteke, eta inoiz ez dakizu zer izango duen barruan. Adibidez, duela gutxi jakin genuen Bizkaian bazela sendi bat pelikula batzuen jabe, eta haiekin harremanetan jarri ginen filmak lortzeko. Zenbait irudi oso kaltetuta zeuden, baina film batean 8 minutu dokumentu bat agertu zen Iruñeko 1935eko Aberri Egunarekin. Ordu arte, ez zen Aberri Egun horren irudirik inon. Irudiok ez ditugu oraindik publikoki erakutsi, gehiago landu behar ditugulako. Urtebete ere ez da film hori lortu genuela.

-Horrelako altxor gehiago ba ote dira partikularren etxeetan?

-Seguru gainera. Jendeak uste du eztei bazkari batek edo antzeko gertakizunek ez dutela interesik, eta ez da horrela. Esaterako, duela aste batzuk film batzuk ekarri zizkiguten, eta makinaria aldaketa dela-eta, oraindik ez ditugu ikusi, baina bilgailuan «1931ko San Fermin jaiak» idatzita badago... Familiaren film batean jabeak bere burua eta senitartekoak ikusten ditu, baina besteek beste gauzak ikusten dituzte: lekuak, garaiak, objektuak... Testigantza historikoak eman dezaketen filmak hona ekartzeko deialdia egiten dut.

(2007-06-02an Berria-n argitara emana)


Euskadiko Filmategia-Filmoteca Vasca
Antso Jakituna 17 E
Donostia-San Sebastián 10017
Tel: (34) 943 468484
Faxa: (34) 943 469998
E-maila: filmoteca@filmotecavasca.com


LOTURA INTERESGARRIAK

Euskadiko Filmategia-Filmoteca Vasca
www.filmotecavasca.com

Peio Aldazabal, Filmategia eta Ego Ibarra
Egoibarra.com webgunean

Donostiako 55. Nazioarteko Zinemaldia
www.sansebastianfestival.com

Kimuak laburren programa, Euskal Etxeetara iristen dena
www.kimuak.com


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia