“Entretenimendua baino gehiago da zinema, geure ondareaz gehiago ezagutzeko beste bide bat da”, esan dio Philippe Acheritogarayk, programako arduradunak, EuskalKultura.com-i. Egoitza San Frantzisko duen Basque Educational Organization elkartearen ondotik dator filmategia eta, egun, hogeitik gora film eskaintzen ditu jatorriko bertsioan, ingelesezko azpitituluekin.
San Frantzisko, AEB. 2004. urtean hasi zuen San Frantzisko egoitza duen Basque Educational Organization euskal elkarteak zinema programa eta, ordutik, hiru-lau film eskaini ohi ditu urtero. Orain, filmategia gainontzeko Euskal Etxeetara ere irekitzea erabaki du, NABOren eskutik.
Hogeita lau izenburu ditu filmategiak bere baitan eta modu errazean, filmategi@nabasque.org helbidera emaila bidalita, jaso daitezke etxean. “Katalogoa begiratu, nahi duzun filma aukeratu eta postaz bidaliko dizugu, doan,” esan du Acheritogarayk. Pelikula eskatzen duenak ez du epe baten barruan itzuli beharko, baina lau aste pasata oharra jasoko du emailean, “ideia filmak ahalik eta jende gehienari helaraztea delako”, ez norberarentzat gordetzea.
“Askok ez dakite filma hauek existitzen dutenik ere, eta oso onak dira”, dio. Euskal laburmetraiak gehitu nahi dizkio egungo katalogoari arduradunak orain eta badaude, horien artean, Oskarretarako hautagaitza jaso dutenak ere: Nacho Vigalondoren 7:35 de la mañana eta Borja Kobeagaren Éramos pocos kasu.
“Entretenimendua baino gehiago da zinema, geure ondareaz gehiago jakiteko beste bide bat da. Horretaz gain, euskaldunek beren burua nola aurkeztu nahi duten ere ikus dezakezu, bai eta euskara ez dela soilik Europako hizkuntza zaharrenetarikoa, eboluzionatzen ari den eta egungo sormenean eta zinema garaikidea bezalako ekimenetan bitarteko baliosa den hizkuntza baizik”.
Orain arte hogei bat pelikula bidali dizkie Acheritogarayk hamahiru eskatzaileri. Kalifornia, Oregon, Nevada, Idaho, Massachusetts… “Nahiko ondo ateratzen ari da”, adierazi du. Arduradunak argitzen du zerbitzua Kanada eta Mexikoko jendearentzat ere badagoela eskuragarri.