euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskal filmaren bat eman nahi duzu zure euskal etxean edo hiriko aretoan? Egin eskabidea Euskal Zine Ibiltariari!

2017/02/09

Euskal Zine Ibiltariaren sortzaile eta arduraduna den Carlos Gabilondo
Euskal Zine Ibiltariaren sortzaile eta arduraduna den Carlos Gabilondo

PUBLIZITATEA

Urteko egitarauan euskal zinea sartu nahi duten euskal etxeei dago zuzenduta eskaintza. Proiekzioarekin batera, filme bakoitzari buruzko informazioa eta emanaldiaren ondoko debatea sortzeko aukera ere proposatzen du proiektuaren arduradun Carlos Gabilondok. Aktibitatea musutruke da euskal etxeentzat eta gauden momentuan egonda, eskatzen den gauza bakarra lehenbailehen kontaktatzea da, datak eta izenburuak egoki zehaztu ahal izateko.

Buenos Aires, Argentina. Aste batzuk barru, martxoan, hasiko da Euskal Zine Ibiltariaren 6. zikloa eta garaiz daude euskal ziea euren euskal etxean edo herriko aretoren batean eman nahi dutenek, antolatzaileekin harremandu eta urteko planean sartu ahal izateko. Haaxe adierazi diote EuskalKultura.com-i proiektuko arduradun den Carlos Gabilondok, Norma Carrizo lagun.

Proposamenak helburu zehatza du: euskal zinea –Euskal Herrian edota euskal jatorriko zuzendariek egindakoa– zabaltzea, bereziki euskal etxeetan. Difusioa da xede nagusia eta printzipioz eskaintza doakoa da eskatzen duten euskal etxeentzat. Euskal Zine Ibiltariaren baitan, garai guztietako euskal filmak proiektatzeaz gain, modu bikoitean egiten da, saio bakoitzean laburmetraia bat eta luzemetraia bat ematen baitira. Ekintza osatzeko, pelikulei buruzko informazioa eta emanaldien ondoko hitzaldiak programatzeko aukera ere eskaintzen du Gabilondok.

Sei urte hauetan ugari izan dira Euskal Zine Ibiltariaren areto bilakatu diren euskal etxeak. Baina eskabide berriak ere badatoz 2017ko programara biltzeko. Zinema eskaintzeko interesa duten euskal etxe eta erakundeei, ahalik eta lasterren kontaktatzea eskatzen zaie, emanaldi datak eta izenburuak adosteko. Euskal Zine Ibiltariarekin kontaktatzeko bideak hauek dira: Facebook-eko Cine Vasco Itinerante kontua, jubilondo@gmail.com helbide elektronikoa eta 11 6013 0092 telefonoa.

Sei urtez jarraian

Martxoan ekingo dio Carlos Gabilondok zikloaren seigarren edizioari. 2017ko lehenengo emanaldia Buenos Airesko Euskaltzaleak euskaltegian izango da, hilaren 3an, iluntzeko 8:30etan, eta estreinatuko den filma Josu Martinezen Gure sorlekuaren bila. Hau ikusi aurretik, Luis Vilen Un dulce izeneko laburmetraia proiektatuko da.

Dagoeneko ziklora gehituko diren leku berrien artean, aipa ditakegu, apirilean, Buenos Aires probintziako Capilla del Señor herrian inauguratuko den euskal kultur etxea eta baita Neuquen hirian Comahueko Euskal Etxea ere.

Baina eurentzat oso gonbite berezia izan den bat ere jaso dute antolatzaileek, Cubatik. Gabilondoren azaltzen duenez, “La Habanako Euskal Etxeak 140 urte beteko ditu aurten eta gonbidatu gaituzte ospakizunen barruan euskal zine ziklo bat antolatzeko. Oraindik oso berde dago kontua, nahiz eta gure aldetik joateko erabat prest gauden; esan beharra daukat, dena den, gonbitea jasotze hutsa harro egoteko zerbait izan dela guretzat eta poz-pozik gaudela”.

Estreinaldiak

Tituluen eskaintzari dagokionez, film berri batzuk gehituko zaizkio aurten zikloak eskaintzen duen zerrenda zabalari. Nobedadeen artean Euskaltzaleak-en botako den Gure sor lekuaren bila eta Imanol Uriberen Lejos del Mar aipa daitezke. Laburmetraien artean, berriz, Angel Gonzalez Katarainek Cuban eta Euskal Herrian filmatutako hiru dokumental estreinatuko dira. “Aurten, gainera, Gernikako Bonbardaketaren 80. Urteurrena izango da eta gai hori ere jorratuko dugu zikloetan”, jakinarazi digu Gabilondok.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia