euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskal Festa eta 25. urteurren arrakastatsua ospatu dituzte Uruguain Saltoko euskaldunek, 2017ko balantze bikaina eginez

2017/12/18

Saltoko Euskal Etxeak antolatutako ‘Aitzindarien Korrika’ren parte hartzaileak
Saltoko Euskal Etxeak antolatutako ‘Aitzindarien Korrika’ren parte hartzaileak

PUBLIZITATEA

Urte hasieran jarritako helburuak banan banan eta txukun ari da betetzen Salto hiri uruguaitarreko euskal etxea. Konparazio, iaz berreskuratutako Harriague Upeltegia kulturgune bihurtzeko proiektuari bultzada handia eman diote, eta Udalak lur eremu zabal bat ematea lortu dute, bertan ‘Gernika Lekua’ izeneko pasealekua eraikitzeko. Saltoko Euskaldunen Taldeak Euskal Festa bat eginez ospatu ditu lorpenok, abendu hasieran Euskararen Eguna eta elkartearen 25. urteurrena programa berezi batekin ospatuz.

 

Salto, Uruguai. Abenduaren 3an jarri zuen abian Saltoko Euskaldunen Taldeak bi asteburu baitaratu dituen ospakizun programa. Euskal Etxearen urtebetetzea eta Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko --fundatzaileek hala nahita, euskal etxea abenduaren 3an jaio zen, San Frantzisko Xabier egunean--, 170 lagun bildu zituzten afaltzeko ‘Parador Ayui’ aretoan. Afarian, egungo Zuzendaritza Batzordeak elkarteak orain arte izan dituen buruzagiak errekonozitu zituen eta musika ikuskizun bat ere antolatu zuen.

Programak ondoko asteburuan izan zuen segida. Abenduaren 8an "Elkarrekin - Together" dokumentala proiektatu zen eta eguberriko gauaren beroa baliatuz pintxo dastaketa eta zuzeneko musika izan ziren eskainitako proposamena. Biharamunean, hasieran iragarritako programak aldaketa batzuk izan zituen bileren alorrari dagokionez, baina kultur eta ospakizun arloko proposamenak mantendu ziren. Hala gauzatu ziren, esaterako, Gernikako Bonbardaketari buruzko erakusketa, Raul Iturria Igarzabalen 'Aporte Vasco al Uruguay' liburuaren aurkezpena, eta Alberto Eguiluz historialariaren Pascual Harriague-ri buruzko hitzaldia.

Aldaketei buruz, Saltoko Euskaldunen Taldeko lehendakari Luis Zalduak azaldu digunez, “hasierako asmoa Euskal Etxeen Nazioarteko topaketa bat egitea zen, baina gero ohartu ginen abenduko datak ez direla egokiak horretarako. Izan ere, urte amaieran euskal etxeak –hemengoek eta baita Argentinakoak eta Brasilgoak ere– nahiko lanpetuta dabiltza, betebehar ugarirekin urte bukatzen euren elkarteetan. Horregatik, azkenean etorritakoekin 'bilkura informal bat’ egitea erabaki genuen, gerorako utziz egiteko asmoa genuen Nazioarteko Topaketa, eta baita Uruguaiko Euskal Etxe eta Elkarteen 21. Mendea Foroko laugarren bilkura ere”.

“Bigarren aldaketa bat 'Gernika Tokia’ren lehenengo harriarena izan. Abenduaren 3an jartzeko asmoa genuen, baina tramiteak luzatu eta Udalaren baimena ez zen abenduaren 3rako iritsi, eta hau ere atzeratu behar izan genuen. Ondoko asteburuan, abenduaren 9an sinatu genuen hitzarmena –tokian Gernikako Bonbardaketaren biktimen omenezko oroitarria eraiki ahal izateko–, eta beraz lehenengo harria beste momentu baterako utzi dugu”.

Saltoko Euskal Festa antolatzaileek espero zuten moduan bukatu zen, igande goizean, ‘Aitzindarien Korrika’ izeneko lasterketarekin. Ibilbideak hiriko bi toki esanguratsu lotu zituen –Harriague Upeltegia eta Saturnino Rivesen ontziola–, eta beroa gorabehera lagun talde bat ausartu zen parte hartzera. “Aurtengoa, jakinarazi digu Zalduak, Korrika sinbolikoa izan da; eta asmoa da datorren urtetik aurrera ekimen hau urteroko lasterketa profesionala bilakatzea”.

Baina Saltoko Euskaldunen Taldea euskal etxeko lehendakariaren esanetan, ‘Aitzindarien Korrika’ berriz antolatu eta sendotzea ez da Saltoko Euskaldunen Taldeak 2018ari begira daukan helburu bakarra. Izan ere, Upeltegia berreskuratzeko proiektua eta oro har Euskal Etxeak --Udalarekin eta Euskal Herriko Unibertsitateko UNESCO Kultur Paisaiak eta Ondare Katedrarekin batera-- daraman UribARRI proiektuaren fruituak datorren urtean loratzen ikusi nahi lituzkete Saltoko euskaldunek. “Eta ‘Gernika Tokia’ ere eraikiko dugu". "Proiektu handiak dira baina prest gaude bideari eusteko. Ni ez naiz lehendakari izango –lau urte bete ditut eta estatutuak dio ezin garela lehendakaritzan bi agintaldi baino gehiago aritu– baina batzordean segituko dut. Talde sendoa gara eta lehendakari berriak jarraituko du ekimen hauekin”, adierazi digu Zalduak.


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia