euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskal Etxetik kanpoko kontzertu batekin bueltatu da 'Baietz' Taldea Cordobako tauletara

2010/07/14

'Baietz' Taldeko kideak Lautaro Tabernan emandako kontzertuan
'Baietz' Taldeko kideak Lautaro Tabernan emandako kontzertuan

PUBLIZITATEA

Hirurogeita hamar bat lagun bertaratu ziren joan den uztailaren 3an Cordoba hiriko Lautaro Tabernara 'Baietz' Taldearen kontzertua entzutera. Errezitalean, euskal musika tradizionala ez ezik, taldeko kideek berek konposatutako pieza batzuk ere jo zituen duela hiru urte bost lagunek osatuta jaio zen boskoteak. Bildutakoen artean Cordobako 'Txotx' Dantza Taldeko dantzariak zeuden eta hauek ere igo ziren agertokira euskal tresna tradizionalek zabaldutako musiken airean. “Euskara, musika eta dantzak uztartzen ditugula Euskal Herriarekiko gure engaiamendua berritzen dugu. Momentu txarrak gorabehera, gure kultura zabaltzen jarraitzea baitugu apustu”, azaldu dio Gure Txokoa Euskal Etxeko lehendakari ohia den Elba Mocoroak EuskalKultura.com-i.

Cordoba, Argentina. “Euskal Herriko kultur ikurrak --euskara, dantzak eta musika-- benetako era ederrean lotzea lortzen du beti Agustín Alonsok, José Noé Fernández-ek, Franco Seghessok, Fernando Zabalzak eta Gaspar Jaurenak osatzen duten taldeak.

Eta 'Baietz' Taldeko kideek bezala, oztopoei gaina hartuta Cordoba hirian gure kultura euskalduna hedatzen jarraitzea erabaki dugun guztiok, publikoaren atxikimendua sentitu dugu uztailaren 3an Lautaro Tabernan egindako kontzertuan”, adierazi dio Elba Mocoroak EuskalKultura.com-i.

“Ez da hau arazoez mintzatzeko garaia: hau geure indarraren bizitasunaz eta indar euskaldunak musikak, dantzak eta engaiamenduak uztartuta ikusteak eta sentitzeak ematen duen pozaz hitz egiteko momentua da”, azaldu zuten bertara bildutako Gure Txokoa-ko zenbait kidek.

Euskal tresna tradizionalak egiten eta jotzen dituen talde euskal argentinar honen deia izan zen biltzaile. 'Baietz'-en kontzertuaren deiadarrak euskal cordobatarren umore on eta batzeko asmoa hedatu zuen hiriburu mediterraneoan.

Baietz Taldea Lautaro Tabernan 2010 01

['Txotx' Dantza Taldeko dantzariek ere hartu zuen parte kontzertuan]

Hasteko, mutil boskoteak albokarekin errepertorio tradizionaleko pieza batzuk jo eta egungo abestiak ere eskaini zizkieten gerturatutakoei. Tartean Oinez abestia, Jaunarenak idatzitakoa. Txalapartak eta txistuak bat egin zuten Baztango Sagar Dantza interpretatzeko. Ondoren eta bakarlari gisa, musikari bakoitza egurra eta burdinaren soinuetan barneratu zen.

Xirulak eta Ttun ttun-ak Iparralde, Nafarroa Behere eta Zuberoako dantzak ekarri zituzten; eta 'Txotx' Dantza Taldeko dantzariek Txilibrinen jota eta Porrusalda, eta Lantzeko Inauteria interpretatu zituzten. Aipatzekoa da ere Argentinaren Bigarren Mendeurrena dela eta argentinarrentzat hain garrantzitsua den urte honetan chacarera bat jo zutela, euskal tresna tradizionalez, 'Baietz' Taldeko kideek.

“Benetako ospakizuna izan da guretzat”, aitortzen zuen Mocoroak, “euskara eta euskal kultura Cordoban bizirik dauden seinale”.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia