euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskal Etxeko ordezkaria, Ayelen Hernandez, erregina koroatu dute Necocheako Gizataldeen Azokan

2010/02/11

Ayelen Hernandez, euskal komunitatearen ordezkaria, 2010ko Gizataldeen Azokako erregina
Ayelen Hernandez, euskal komunitatearen ordezkaria, 2010ko Gizataldeen Azokako erregina

PUBLIZITATEA

Urtarrilaren 24an ospatu zen Necocheako Kolektibitateen Azokako azken eguna eta amaierarekin batera, jaiaren erregina hautatu zen ohi bezala. Tradizio handiko azokaren 28. edizio honetan, euskal etxeko ordezkaria zen Ayelen Hernandezek izan zuen erregina bilakatzeko ohorea. Printzesak, berriz, Italiako Elkartekoa eta arabiarren ordezkaria izan ziren. Herrialde ezberdinetako hamaika bat taldek hartu zuten parte aurtengo azokan eta beste ekintza batzuen artean bildutako publikoak --bertakoek eta baita turistek ere-- janari eta musika tipikoaz gozatzeko aukera izan zuen.

Necochea, Argentina. Argentina kostalde turistikoan dago kokatuta Necochea hiria. Hori dela eta, oporraldia eta turisten presentzia baliatuz, urtarrilaren azken egunetan, uda peto-petoan, ospatu ohi da hiriko Gizataldeen Azoka. 28. edizio honetan kolektibitate bakoitzaren ordezkariek --tartean aipa daitezke arabiarrak, frantziarrak, italiarrak, danimarkarrak, grekoak, Calabriakoak, txiletarrak, espainiarrak, ukraniarrak, alemaniarrak eta euskaldunak-- euren ekarpena egin zuten. Kolektibitate batzuek euren ohiko musikarekin alaitu zuten festa. Beste batzuek, berriz, euren herriko janaria tipikoen usain ederrarekin erakarri zituzten bisitariak. Euskaldunak bi taldeetan izan ziren: gerturatutakoak euskal aireez eta txistorraren zaporeaz gozatu ahal izan zuten.

Azokaren aurtengo edizioa hiriko Jardin Francés del Parque Miguel Lillo-n gauzatu zen, eta jaiari bukaera emateko 2010 honetako erregina hautatu zen. Aurkeztu ziren nesken artean euskaldunen ordezkaria, Ayelen Hernandez, erregina hautatu zuten epaimahaikideek. Ayelenekin batera epaimahaiak lehenengo printzesa Italiako Elkarteko ordezkaria, Jasmin Pagano, hautatu zuen eta bigarrena, Yesica Vanesa Apud, kolektibitate arabiarrekoa. Miss Atseginaren saria, ordea, Italiako taldeko Carla Senzacquari egokitu zaio aurten. Euskal komunitateko kideak oso pozik eta konforme gelditu ziren emaitzarekin. Baita Azokaren antolatzaileak ere oso emaitza orokorrekin: 'Lan handia egiten da jaia antolatzeko eta aurten ez dugu eguraldia lagun izan. Hala ere, jende ugari hurbildu da festara eta zorionez egitaraua osorik bete ahal izan dugu', azaldu zuten.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia