Chivilcoy, Argentina. Indarrak berrituta hasi dute urtea Beti Aurrera Euskal Etxeko lagunek eta urte hasiera oro bezala erakundearen antolaketa kontuak finkatu eta erabaki bezain laster, urte osoko plangintza plazaratu dute..
Apirilarerako gonbiteei dagokienez, larunbat honetan bertan abiatuko da lehenengo ekimena: elkarretaratze eta afaria Aberri Eguna ospatuz. Menu gisa, enpanadak eta saiheskia prestatuko dituzte euskal etxeko lagunek berek 160 pertsonarentzat. Afariaren baitan, euskal dantzak eta bideoak eskainiko zaizkie gonbidatuei. Apirilaren 17an, bestalde, Amama filma proiektatuko dute, Carlos Gabilondok antolatzen duen Zine Zikloaren barruan, oraingo honetan filmeko protagonista den Iraia Elias aktorea lagun. 2016ko euskara klaseak ere apirilean hasiko dira, asteartetan, 17etatik 20etara.
Baina beste hainbat proposamen ere mahaigaineratu dituzte Beti Aurrerakoek. Hasteko, beste lau afari berezi egingo dituzte urtean zehar: maiatzean; uztailean, Etxearen urteurrena ospatzeko; irailean, Udaberriari ongietorria emateko; eta abenduan, urteari ‘azken agurra’ emateko. Ekainaren 26an, berriz, San Juan Sua piztuko dute, eta panpina eta sorgina erreko. Uztailaren 9an ‘Gernikako Arbola’ Literatur Lehiaketan parte hartzeko epea irekiko dute; eta irailaren 9an meza eskainiko da EEko patroia den Arantzazuko Birjinaren omenez.
Etxeko dantzariek Chivilcoy hiriaren ordezkari izango dira ‘Buenos Airesek Euskal Herria ospagai’ jaialdian, baita ere azaroan Euskal Aste Nazionalean Necochean. Euskal Asteari begira, danbor-jotzaile talde bat osatu nahi dute Beti Aurreran, Laurak Bat-eko maisuen laguntzarekin. Bestelako proiektuen artean, Buenos Airesko Lagun Onak abesbatzaren kontzertu bat ere antolatu nahi du Euskal Etxeak Chivilcoyn.
Martxoko ekintzak
Bukatu berria den martxoan ere, mugimendu bizia bizi izan dute Chivilcoyko euskal gizataldeko ordezkariek. Hilaren 4an, entseguekin hasi ziren etxeko lau dantza taldeak –txiki-txikiak, txikiak, gazteak eta helduak–, indar handiz gainera. Eta martxan jartzearekin batera euren lehenengo emanaldia izan zuten martxoaren 20an, herriko jaialdi solidario batean.
Apur bat lehenago, martxoaren 12an eta 13an, FEVAk Mar del Platan antolatutako “Haztearren, gogoeta” jardunaldietan Beti Aurrerako ordezkari batek hartu zuen parte. Topaketaren baitan, iaz Euskal Etxeak kaleratutako poesia liburuaren kopia bat eskuratu zien Chivilcoyko gazteak Mar del Platako Denak Bat-eko agintariei. Eta martxoaren programarekin jarraituz, Ostiral Santuan, Gurutze Bideko egonaldi bat jarri zen Euskal Etxeko egoitzako patioan.
“Aktibitate guztien berri, gure Facebook kontuan berehala jartzen saiatzen gara". "Hori ere bada Batzorde berriaren asmoa: gizarte sareak eguneratuta mantentzea”, Nelba Calonge de Letamendik EuskalKultura.com-i azaldu dionez. “Komunikazioa hobeto bideratzeko, hemengo telebista kate batekin gaude harremanetan, eta Udaleko Kultur Zuzendariarekin ere jarriko gara harremanetan, 2016ko gure plangintza aurkeztu nahi diogulako, izan ere aktibitate batzuk elkarrekin antolatze aldera. Lankidetza oso baliagarria izango da euskal etxearentzat zein herriarentzat” adierazi dio Dantza Taldearen erreferentea ere baden Letamendik.
-Informazio gehiagorako, hona euskal etxeko helbide elektroniko berria: centrovascochivilcoy@yahoo.com.ar