Montevideo, Uruguai. Canelones departamenduko La Tunako Villa Bautistan egin du Uruguaiko Euskal Erakundeen Federazioak euskal etxeetako zuzendari eta zuzendarigaientzako bere bigarren udalekua. Proposamenaren helburua euskal etxeetako zuzendari eta zuzendari izan daitezkeenei formakuntza ematea izan da, euskal kultura alorrean, Euskadiko egungo egoeraz eta Eusko Jaurlaritzarekin harremantzeko jarraipideez. Iazko lehenengo udalekuan bezala, partaideak izan dira Carmeloko Ibai Ondoko Etxea, San Joseko ‘San Joseko Euskaldunak Taldea’ eta Montevideoko Haize Hegoa eta Centro Euskaro euskal etxeak,
Asteburuan zehar hiru tailer eskaini zituzten antolatzaileek: 2019ko Gaztemundu programan trebatutako Nahia Inthamoussuk ‘Kultur identitateen kudeaketaz’ hitz egin zuen, Mariel Fernandezek ‘Komunikazioaz’, eta Federazioko lehendakari Juan Pedro Arinek, ‘Euskadi eta (Espainiar) Estatuaren arteko kontzertu ekonomikoaz’.
Udalekua egiteaz gain, azaroan, Bahia Blancako Euskal Aste Nazionalean hartu zuten parte Uruguaiko Federazioko kide diren zenbait euskal etxe. Uruguain bertan, Floridako Vasconia Euskal Etxea ere lagundu zuen, euskal jatorriko lagunentzat Taldeak urtero antolatzen duen bazkarian.