Paris, Frantzia. Irailaren 22tik hasita eta 28ra arte Euskal Pilotaren Nazioen Liga jokatuko da Parisen, trinketean dabiltzan nazioarteko kirolari onenak bildurik. Txapelketak 13 herrialdetako 230 pilotari batuko ditu, 7 diziplinatan eta 146 partida jokaturik 3 kantxatan. Hiru jokagunean La Cavalerie, Chiquito de Cambo (Trinquet Village) eta US Metro trinketeak izango dira, goi mailako kirol ikuskizun honetako eszenatoki. Argentinako kirolari ugari arituko dira, gizonezkoen eta emakumezkoen gomazko paleta, larruzko paleta, xare, banakako esku-pilota eta gurpildun aulkian pilota egokitua modalitateetan. Argentinaren euskal komunitate osoaren harrotasun eta bozkario, euskal etxeetako pilotariek osatuko dute txapelketan norgehiagoka arituko den argentinar selekzioa, azpimarratu diote EuskalKultura.eus-i euren arteko iturriek.
Joseba Andoni Irazusta eta Daniel M. Plotequer Bahia Blancako Union Vascako bazkideak dira. Taldeko zuzendari teknikoa eta diziplinaren aitzindari den Juan Pedro "Peto" Goñirekin batera, gogoz bertaratu dira Parisera Argentinako ordezkari. Hego Amerikako herrialdeak, bestalde, aurrenekoz hartuko du parte pilota egokitua modalitatean Euskal Pilotaren Nazioarteko Federazioaren lehia ofizial batean. "Guretzat izugarria da. Duela bi urte eta erdi ekin genion praktikatzeari, eta gaur egun txapelketan parte hartu ahal izatea sekulako poz handia da, espero ez genuena", diosku. "Garrantzitsuena, bertan egoteko aukera izatea da, kirola zabaldu eta herrialde osoan hazteko bidea hartu ahal izan dezan", dio Irazustak.
Esperantzaz eta gogotsu
Bestalde, Buenos Airesko Gure Echea elkarteko bazkide Alan Correa eta La Platako Euzko Etxeko Mikel Gil Najera prest daude Frantziako hiriburuko norgehiagokan ahalik eta lanik duinena egiteko. Xare modalitatean lehiatuko dira “nazioarteko lehiaketa orok sortzen duen gogo biziarekin, eta domina bat lortzeko itxaropenarekin”, agertu digute xareko erreferente den eta Mikelen aita eta entrenatzailea den Claudio Gil Najerak.
Aupa pilotariak!