Chascomuseko Zingirako Euskaldunak euskal etxeak antolaturik, 13 eta 16 urte arteko neska-mutilei dago zuzenduta gonbitea. 2015eko Udalekua urtarrilaren 5ean hasiko da eta ia astebetez, euskal kulturarekin lotura duten hainbat ekintzetan hartuko dute parte gaztetxoek. Izena emateko epea abenduaren 13an bukatuko da.
Chascomús, Argentina. Udaleku guztietan bezala, Chascomuseko Zingirako Euskaldunak erakundeak bultzatzen duen Euskal Udalekuaren programan ere badaude jokoak, kirolak eta irteerak; eta nola ez, elkarbizitzak dakartzan ardurak eta eguneroko betebeharrak. Baina berezitasun polit bat ere badu chascomustarren proposamenak: gauza horiek guztiak euskal giroan eta, jolas, arte eta kirolaren bitartez euskal kultura zabaltzeko asmoarekin.
Bost egunetan zehar, beraz, eta Euskal Herriko eta Argentinako begiraleen eskutik, pilota eta herri kirolen eskolak, dantza, musika, sukaldaritza eta euskara tailerrak, eta mitologia ezagutzeko hainbat aktibitateren egoitza izango da Chascomus hirian egingo den euskal kanpamentua.
2015eko Udalekua urtarrilaren 5etik 9ra izango da eta 13 eta 16 urte arteko umeentzat dago zuzenduta. Kostuari dagokionez, ekintzek (ostatua eta otorduak barne) 1.300 pesoko prezioa dute. Erreserba egiteko, erdia ordaindu behar da izena emateko momentuan –abenduaren 13ra arte– eta beste erdia edo Udalekua hasten den egunean edo banku-transferenzia bidez. Ordainketa “Banco de la Provincia de Buenos Aires”en egin behar da. Horretarako, hauexek dira datuak:
-Kontu Korrontearen zenbakia: 6942-7322/8
-CUIT: 30665097524
-CBU: 0140331001694200732282
Ordainketa egin ondoren, egiaztagiria euskal etxera bidali behar da eskaneatuta e-mail bidez, parte hartzailearen izena adieraziz. Helbidea, cvchascomus@yahoo.com.ar. Behin fidantza moduko ordainketa eginda, euskal etxeak bidaliko dizkie apuntatu direnei izen-emate eta osasun formularioak. Formulario orijinalak, sinatuta, ekitaldia hasteko momentuan aurkeztu beharko dira. Informazio gehiago eskuratzeko, idatzi euskal etxera edota aktibitatearen Facebook helbidera: "Udaleku Chascomús" izenpean.