euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskal etxeetako haurrek dantza egin, jolastu eta ikasi ere egin zuten Bahía Blancako Euskal Aste Nazionalean

2024/11/28

Bahia Blancako Unión Vascako lehendakari Iñaki Ederrak banatu zizkien sariak "Txikien postalak" lehiaketan parte hartutako haurrei
Bahia Blancako Unión Vascako lehendakari Iñaki Ederrak banatu zizkien sariak "Txikien postalak" lehiaketan parte hartutako haurrei

PUBLIZITATEA

Bahía Blanca, Argentina. Haurrak euskal etxeen etorkizuna eta oraina dira eta, dagokienez, parte garrantzitsua izan ziren Bahia Blancako 2024ko Euskal Aste Nazionalean. Oholtzan eskainitako emanaldi beti txalotuez gain, euskal etxeetako dantza taldeetako partaide gisa, bederen beste bi ekitalditan ere hartu zuten parte. Unión Vascaren 125. urteurreneko ospakizunen barruan, propio egin zitzaien deia "Txikien postalak" postal lehiaketan parte har zezaten. Eta azaroaren 16an, larunbata, Union Vascako batzordekide Amale Irazustak koordinatutako tailer bateko partaide izan ziren, bidaia sinbolikoa eginez Euskal Herrira.

 "Euskal Herriari bira" tailerrean jolastuz ikasi

 
Haurrek binokularrak egin zituzten Euskal Herriari begiratzeko

Larunbat goizean haurrei eskainitako tarteak "Euskal Herriari bira" izena hartu zuen. Jolaserako jarduera izan zen, baina baita pedagogikoa ere. Bira sinboliko bat egin zitzaion Euskal Herriari eta ekin aurretik, haurrek beren binokularrak sortu zituzten, eta zazpi lurralde historikoen mapa batek lagunduta guztiak bisitatu zituzten. Bidean, Haizearen Orrazia esploratu zuten Donostian, Gernikako Arbola bat eraiki zuten, Sanferminetako entzierroen antzezpen batean hartu zuten parte, itsasontziz nabigatu zuten Donibane Lohizunen, lauburua identifikatu eta jarri zuten Nafarroa Behereko baserrietan, maskarada zuberotarra dantzatu zuten eta Andre Maria Zuriaren Jaia ospatu zuten Gasteizen. "Esperientzia aberasgarria eta dibertigarria izan zen, txikiei Euskal Herriko kultura eta tradizioekin konektatzeko aukera emanez", laburbildu dio Amale Irazustak EuskalKultura.eus-i.

“Txikien postalak” lehiaketa

Unión Vascak antolatuta, Postal Lehiaketak euskal kulturaren zenbait alderdiren ezagutza sustatu nahi zuen haurren artean. Oinarrietan, hiru kategoria ezarri ziren, eta parte hartzaileen irudiak euskal kulturaren adierazgarriak izatea, edo euskal mitologiako kontakizunetan edota euskal pertsonaia tradizionaletan oinarrituta egotea eskatu zuten. Abuztuan eta irailean zehar lanak jaso zituzten, eta sari banaketa azaroaren 17an, igandean, egin zen, Euskal Astearen amaierako bazkariaren baitan. 6 urtetik beherakoen kategorian Lapridako Lagunen Etxeko Cayetano Arnauderen "La montaña" izan zen irabazlea. Hurrengo kategorian, 7 eta 8 urtekoan, saria "Diosa Mari y la Pastora" lanarentzat izan zen, Macachingo Euzko Alkartasunako Ivo Romanok egina. Eta 9 urtetik gorako kategorian, Ines Cuadrado Martinen "Diosa Mari" lanak jaso zuen saria, hau ere Macachingo Euzko Alkartasuna Euskal Etxekoa.


Ezker-eskuin, postal irabazleak: “La montaña”, “Diosa Mari y la Pastora” eta “Diosa Mari” 

Zorionak saria jasotako irabazleei eta oro har parte hartu zuten guztiei!



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia