Independentzia Argentinarraren 201. urteurrena ospatu berria da aurten, uztail honen hasieran, eta urtero bezala herrialde osoko udalek desfile zibiko-militarrak antolatu dituzte 1816ko uztailaren 9an Tucuman hirian jazo zen Independentzia Adierazpena gogora ekartzeko. Independentzia prozesu horretan euskal jatorrizko jendea egon zen bezala, kabalkadetan ere hartu du parte euskal kolektibitateak oraingoan, gainera, bandera argentinarren ondoan ikurrinari ere gogor eutsiz.
Buenos Aires, Argentina. Azken egun hauetako buletinetan islatu dugun legez, Argentinako euskal elkarte ugarik ekitaldi berean ospatu dituzte azken asteburu honetan San Fermin jaia eta argentinar Independentziaren Eguna. Beste herri eta euskal etxe batzuetan, berriz, hiriak antolatutako proposamenetara egokitu dira euskal gizataldeko lagunak, eta bat egin dute gainerako herritarrekin batera bertako instituzioek antolatutako programekin.
Tradizioari jarraituz, Argentina osoko hainbat herrietako erdigunean, tokiko agintarien aurrean desfilatu dute herri bakoitzeko indar biziek, eskola maila guztietako ikasle eta irakasleek, ta gainerako erakunde eta elkarteek. Eta hemen gogor jotzen duen neguko hotzari aurre egiteko, txokolate beroa eta opilak banatu izan dituzte kabalkadetako antolatzaileek parte hartzaileen artean.
Datorren argazki galerian, Concordia, Chivilcoy, Junin, Posadas eta Tandil herrietako euskal gizataldeen partaidetza euen herrietan antolatutako Uztailaren 9ko desfile eta ekitaldietan: