Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak Euskal Etxe eta Federazioentzako 2016ko deialdi orokorra onartu zuen atzo Gasteizen eginiko ohiko Gobernu Kontseiluan. Guztira 862.307 euro banatuko dira, iaz baino 80.000 euro gehiago. Atzokoarekin, euskal etxeek erne behar dute egon, onarpena azken urratsa baita deialdia EHAA buletinean argitaratu aurretik. Egun gutxi barru deialdia argitaratzen denean, orduan hasiko da korritzen eskabideak aurkezteko hilabeteko epea.
Vitoria-Gasteiz. Eusko Jaurlaritzak bide eman dio Euskal Autonomia Erkidegotik kanpoko Euskal Etxeentzako eta euskal etxeen federazioentzako eta konfederazioentzako diru-laguntzen 2016ko deialdiari. Diru-laguntza horiek Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiaren baitan dagoen Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako Zuzendaritzak banatzen ditu.
Aurtengoan, orotara, 862.307 euro bideratuko ditu laguntza horietara, 80.000 gehiago iaz baino. Kopuru hori bi erditan bereiziko da, diru-laguntza banatuta dagoen kapituluen arabera: bata, gastu arruntak eta jardueren antolakuntza ordaintzeko, eta bestea, ekipamendu- eta azpiegitura-gastuak ordaintzeko.
Hala, laguntzaren zatirik handiena –782.307 euro– Euskal Etxeen urteko programak edo jarduera zehatzak laguntzera bideratuko da, nagusiki gazteria, emakume, kanpo-irudi eta komunikazio, memoria historiko, gastu arrunt eta funtzionamenduaren arloko jardueretara.
Gainerakoa –80.000 euro–, zentroen beraien egoera hobetzera bideratutako jardueren gastuak osorik edo zati batean finantzatzera bideratuko da; esaterako, ezbeharrek eragindako kalteak konpontzeko, hesi arkitektonikoak kentzeko, euskal etxe berriak eraikitzeko, gazteentzako lekuak egokitzeko eta gazteen zein emakumeen jardueretan teknologia erabiltzeko.
Atzo onartu zen deialdian parte hartu dezakete mundu osoko 25 herrialdetan dauden 190 euskal etxeek. Deialdia EHAAn argitaratzen den egunetik hasita, hilabete bateko epea egongo da eskaera egiteko.